Eudel
  • Hona hemen hautagaiak: LAUDIO, Araban; BERANGO, ERANDIO eta ERMUA, Bizkaian; eta ELGOIBAR eta IRUN, Hiru hilabetez, sei udalek autoebaluazio-prozesu zorrotza egin dute, Gobernu Onaren hamabi printzipiotan eta 97 adierazletan oinarrituta.
  • ELoGE zigilua Europako Kontseiluaren ekimena da, eta tokiko gobernantzaren kalitatearen, eraginkortasunaren eta berrikuntzaren etengabeko hobekuntza bultzatzea du xede.
  • 2017an, EUDEL izan zen ELoGE metodologia aplikatzeko Europako Kontseiluak egiaztatu zuen lehen eskualde-plataforma.
  • Gaur egun, zigilua aintzatetsita duten 7 euskal udal daude. Guztira, EAEko 16 udalerrik parte hartu dute Euskadin egin diren ELoGEren hiru edizioetan.

Ekitaldia goizeko 10:00etan hasiko da, hautagai diren sei udaletako alkateen parte-hartzearekin: Elgoibar, Ermua, Irun, Berango, Erandio eta Laudio.

Zeremonia osoa streaming bidez zuzenean jarraitu ahal izango da, EUDELen YouTubeko kanalean:

https://www.youtube.com/watch?v=omr07LoPnQM&feature=youtu.be

UDAL HAUTAGAIEN ZERRENDA IKUSI

PROGRAMA JAITSI

Bilbon, 2020ko abenduaren 14an. Datorren asteazkenean, abenduaren 16an, Europako Kontseiluak ematen duen Gobernantzako Bikaintasunaren Europako Zigiluaren (ELoGE) hirugarren ekitaldia egingo da EUDELen Bilboko egoitzan. Gobernu onaren eta berrikuntza demokratikoaren arloan Europako estandarrak (bikaintasun-maila) maila altuan betetzen dituztela egiaztatzen duten tokiko gobernuek Europan duten onarpenik handiena da.

Banaketa-ekitaldia goizeko 10:00etan hasiko da. Bertan izango dira Ager Izagirre, Mungiako alkatea eta EUDELen ELoGE Batzorde Instituzionaleko presidentea, eta Europako Kontseiluko Gobernantzako zuzendari Snežana Samardžic-Markovic, bideokonferentzia bidez mezu bat bidaliko duena.

Ondoren, hautagai diren udaletako sei alkateek labur-labur baloratuko dituzte EUDELen eta Europako Kontseiluaren proiektuko parte-hartzaile gisa izandako esperientzia eta helburuak.

ELoGE 2020 zigilurako hautagaiak

  • BERANGO, ERANDIO eta LAUDIO Europako bereizgarria eskuratzeko hautagai dira lehen aldiz.
  • ERMUAK eta IRUNEK 2017an lortu zuten zigilua, eta berritu egin nahi dute.
  • ELGOIBAR hautagai izan zen 2017an, eta bigarren aldiz aurkeztu da.

ELoGE Europako Zigiluaren ebaluazioa

ELoGE bereizgarria kristalezko dodekaedroa da, hamabi aurpegi dituena, bat gobernu onaren hamabi printzipioetako bakoitzarentzat.

ELoGE jasotzeko hautagai diren udalek beren gobernantza-politiken eta -praktiken ebaluazio zehatza egin behar dute, Europako Kontseiluak gobernantza egokirako zehaztutako hamabi printzipioetan oinarrituta. Besteak beste, hautetsien jokabide etikoa, gardentasuna, kontu-ematea, bidezko parte-hartzea, finantza-kudeaketa ona, berrikuntza eta eraldaketa, eraginkortasuna eta efizientzia.

Ebaluazioari esker, tokiko agintariak beren indargunez eta ahuleziez jabetzen dira, komunitateari zerbitzu publikoak eskaintzean. Pandemia garaian, ELoGE tresna baliotsua da udalentzat, haien printzipioak bat datozelako garapen jasangarriaren helburuekin (GJH), eta tokiko erakundeak indartzen laguntzen du etorkizuneko erronken eta eraldaketa sozialen aurrean.

Tokiko gobernuentzako kalitatearen “label”-a bi urtean behin berritu behar da, hala, etengabeko hobekuntzan eta beste udalerri batzuetan aplika daitezkeen jardunbide egokiak sustatzen laguntzeko.

ELoGE zigilua duten Euskal udalerriak

EUDEL Europako Kontseiluak Euskadiko udalerrietan Europako Zigilua emateko akreditatutako eskualde-plataforma da. Bi edizio egin dira lehenago, 2017an eta 2018an, eta 7 udalek jaso dute ELoGE zigilua: Basauri, Ermua, Irun, Leioa, Urnieta, Bermeo eta Legazpi. Horiek dira ELoGE zerrenda esklusiboarekin bat egin duten EAEko lehen udalerriak. Zerrenda hori Europako bereizgarriarekin aintzatetsitako ehun tokiko gobernuk baino ez dute osatzen.

Hiru edizioetan (2017, 2018 eta 2020an), guztira EAEko 16 udalerrik hartu dute parte EUDELen eta Europako Kontseiluaren proiektuan.

Europako Kontseiluaren Zigilua emateko irizpideak 2010ean jarri ziren lehen aldiz, Europako berrogei bat lurralde-erakundetan (Bulgaria, Norvegia, Ukraina, Belgika, Espainia eta Frantzia).

Informazio gehiago, EUDELen ELoGE webgunean: https://eloge.eudel.eus

EUROPAKO KONTSEILUA: www.coe.int/good-governance