Eudel

Esther Apraiz EUDELeko elkarteburua eta Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua Euskadiko Udalen Elkartearen Bilboko egoitzan bildu dira gaur, hainbat gairen inguruko lankidetzari buruz mintzatzeko. Horien artean, EUDELen erabilera turistikoko etxebizitzen antolamendua bideratzeko kontraste talde bat sortzea dago, bai eta Turismo Mahaiak tasa turistikoa deritzona –egonaldi turistikoen gaineko zergari dagokiona– aztertzeko deitutako Lan Batzordea ere.

2023ko apirilaren 9an, Eusko Legebiltzarrak 9/2023 Mozioa onartu zuen, zeinaren bidez EUDELi eskatu zitzaion lanerako eta azterketarako taldea sortzea, erabilera turistikorako etxebizitzen erregulazio orokorrerako oinarri komunak eta orientabide orokorrak prestatzeko. Elkarteburuarekin egindako bileran, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak EUDELi laguntza eta lankidetza eskaini dizkio neurri hori garatzeko.

Era berean, Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion, 2023ko ekainaren 15ean, Lan Batzorde bat sortzeko, Turismo Mahaiaren bidez egonaldi turistikoetarako zerga ezartzeko aukera aztertu eta eztabaidatzeko. Bilera hori 2023ko uztailaren 27an egin zen, eta, bertan, Lan Batzordea sortzeko konpromisoa sinatu zen. Gaurko bileran, Sailburuak bat egin du Lan Batzorde horren helburuekin, eta hurrengo asteetan deituko da.

Gai horiez gain, beste batzuk ere landu dira, hala nola turismoaren sustapena, etorkizuneko proiektuak eta lankidetzarako beste bide batzuk.