Eudel
  • Imanol Landa elkarteburua buru duen EUDELen ordezkaritza batek Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluaren Zuzendaritza Batzordean hartu du parte atzo eta gaur, Chios irla grekoan izandako bileran.
  • EUDELen elkarteburuak, Bilboko alkate Juan Mari Aburtorekin batera, bideo bidezko mezu baten bitartez, gonbit egin die Europako alkateei, ekainaren 11n, urtebete barru, konferentziaren esparruan antolatuko den hurrengo Zuzendaritza Batzordean parte hartzera.
  • CMREren batzorde politikoak Europako 47 herrialdetako toki gobernuetako eta udalen elkarteetako ia 200 kide bildu ditu.
  • Imanol Landak CMREren konferentzia antolatzeko lanen berri eman die toki ordezkariei. Konferentzia ‘Berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa’ gaiei buruzkoa izango da, eta Bilboko Euskalduna Jauregian antolatuko da, 2018ko ekainaren 11tik 13ra.
  • Chioseko foro honetan, kontinente osoko liderrek ekarpenak egin dituzte, udalek askotariko erronkei aurre egiteko dituzten irtenbideen inguruan. Ekarpen eta ideia guztiak ‘Europaren etorkizunari’ buruzko jarrera-dokumentu batean jasoko dira. Dokumentu hori Europar Batzordean aurkeztuko da, Jean-Claude Juncker presidenteak erakunde guztiei egindako deiari erantzuteko, Batasunaren egoerari buruz datorren abenduan izango den eztabaidan laguntzeko.
  • Chioseko alkateak migrazioaren eta errefuxiatuen krisiari buruzko eztabaida monografikoa sustatu du. Eztabaida horretan, Europar Batzordearen, Nazio Batuen, OCDEren, CGLUren, Europako Kontseiluaren eta EUDELen beraren ordezkariek hartu dute parte; azken horrek Euskadiko maila askotako estrategiaren berri eman du, Euskadin errefuxiatuen harrera indartzeko.

Bilbo, 2017ko ekainaren 13a. Eudelen elkarteburu Imanol Landak Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluaren Zuzendaritza Batzordean hartu du parte, Galdakaoko alkate Ibon Uriberekin batera, ekainaren 12an eta 13an. Bilera Greziako Chios irlan izan da lehenengo aldiz, eta Europan bizi den migrazioaren eta errefuxiatuen krisiarekin bat egin du. Era berean, Batasunaren etorkizunari buruzko eztabaida betean dago maila sozial eta instituzionalean, proiektua berritzeko dagoen beharraren aurrean, horri zilegitasuna eman, eta herritarren konfiantza berreskuratzeko.

CMREren batzorde politikoak Europako 47 herrialdetako toki gobernuetako eta udalen elkarteetako ia 200 kide bildu ditu. Erakunde horren egoitza Bruselan dago, eta bere egitekoa bikoitza da: udalen izenean, Europako legedian eragitea, eta plataforma bat eskaintzea, erakundeko kideek esperientziak eta praktikak truka ditzaten.

2018. urtean, ekainaren 11tik 13ra, Bilboko Euskalduna Jauregian, Europako udaletako hautetsi eta teknikari guztiak, profesional eta adituekin batera, gonbidatuta daude berdintasunari, aniztasunari eta inklusioari buruzko toki politiken inguruko Europako topaketa garrantzitsuenean parte hartzera.  CMREren 2018ko Konferentzia Bilbon antolatzeko akordioa 2016ko abenduan sinatu zen, Maastrichten izandako aurreko batzordean, CMREren eta EUDELen buruen eta Bilboko Alkatearen beraren artean.

Imanol Landak, EUDELen izenean, gonbit egin die udalen elkarteei, “Konferentziaren egitarauan modu aktiboan parte hartzera”. Izan ere, Europako udal guztien konferentzia da”, eta, era berean, aukera paregabea da tokiko esparrutik abiatuta gizarte-politika berriak diseinatzeko, behetik gora, pertsonak udal kudeaketaren erdigunean jarrita, zerbitzu publikoen hartzaile izateaz gain. Landa elkarteburuak gonbit egin die CMREko kide guztiei, Bilboko Konferentziaren esparruan ekainaren 11n (urtebete barru, hain zuzen) hasiko den Zuzendaritza Batzordean parte hartzera.

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, bere aldetik, agurra bidali nahi izan die CMREn bildutako alkateei, Konferentzia hartuko duen hiritik bideo bidezko mezua igorrita. Bere agurrean, Alkateak dei egin die, 2018ko ekaineko hitzorduan parte har dezaten; bere hitzetan, Udala atsedenik gabe ari da lanean EUDELekin batera, foro honek esperientziak trukatzeko eta ideiak garatzeko tokirik egokiena topatu dezan gure hirian, eta Bilbo Europako eztabaidaren erdigunean kokatzeko, Europa hobea, bidezkogoa, inklusiboagoa eta humanoagoa eraiki dezagun”.

Konferentziaren webgune ofiziala: www.cemrbilbao2018.eu    #cemrbilbao2018

Europari, errefuxiatuei eta adiskidetzeari buruzko jarrera bateratua

Chios-eko foro honetan kontinente osoko toki-agintariek balizko irtenbide batzuk eskaini dituzte udaletatik, jendaurreko esparru guztietan dauden erronka ugariri aurre egitea xede: politikoki, ekonomikoki, sozialki, lan-arloan, e.a. Ekarpen eta ideia guztiak dokumentu jakin batean agertuko dira, eta bertan “Europako etorkizunari” buruzko tokiko gobernuen jarrera bateratua islatuko da, Jean-Claude Juncker Lehendakariaren deiari erantzunez. Dei hori joan den urrian egin zitzaien europar erakunde guztiei, Batasunaren egoerari buruzko eztabaidan laguntzeko.

Eztabaida irailean hasiko da, Juncker lehendakariaren hitzaldi batekin, asmoa izanik lehenbiziko ideiak orduantxe azaltzea, hain zuzen Europako Kontseiluaren 2017ko abenduko bileran ondorioak atera baino lehen. Horrek jardunbide-lerroa zehazten lagunduko du, garaiz garatzerik egon dadin 2019ko ekaineko Europar Legebiltzarrerako hauteskundeei begira.

“Europaren etorkizunari buruzko Liburu Zuria” delakoaz gain, Batzordeak landua, bestelako hausnarketa-dokumentuak ere egongo dira, hala nola CEMR-k datozen hilabeteetan mahaigaineratuko dituenak. Bertan 2025eko Europarako ideiak, proposamenak, aukerak eta zenbait agertoki eskainiko dira.

Chios hiriko Manolis Vournous  alkateak greziar udalen elkarteak (KEDE), beren aldetik, migrazio-krisiari buruzko eztabaida monografikoa sustatu dute. Bertan parte hartu dute Europar Batzordeko goi ordezkariek, Europako Kontseiluak, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Komisarioak, ELGEk (Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) eta MTKH-k (munduko toki-gobernuak eta hiriak), beste organismo ofizial batzuekin batera. Eztabaidan EUDELeko elkarteburuak ere hartu du parte, Imanol Landak,  zeinek jakinarazi baitie nazioarteko zein europar ordezkariei zertan datzan Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria gidatzen ari den maila anitzeko euskal estrategia, erakunde eta gizarte-entitate guztiekin elkarlanean, xede izanik Euskadin babes hartu duten pertsonen harrera sendotzea, euskal udalen inplikazio zuzenarekin eta konpromisoarekin.

Ekaineko Batzorde Gidari honetan europar esparruan garrantzi politiko eta instituzional nabarmena duten beste dokumentu batzuk ere aurkeztu dituzte, hala nola ‘Position paper on work-life balance’ delakoa, tokiko enplegu publikoaren esparruan lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko neurriei buruzkoa. Berau Ibon Uribek azaldu du, CEMR-ko Berdintasun Batzordeko egungo lehendakari denak.

CEMR Batzorde Gidariari buruzko informazio guztia: http://www.ccre.org/