Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 12a.
Euskadiko udalerrietako alkateak Vitoria-Gasteizen bildu dira gaur EUDELen Ohiko Batzar Nagusia egiteko; aurten, Arabako hiriburuko Europa Jauregian izan da.
Batzarra EUDELen elkarteburua eta Getxoko alkatea den Imanol Landaren gidaritzapean egin da, eta harekin mahaian egon dira Irungo alkatea, Jose Antonio Santano, eta Errenteriako alkateordea, Garazi López de Etxezarreta, biak Euskadiko Udalen Elkartearen elkateburuordeak.
Bileran garrantzitsua izan da, halaber, EUDELen Batzorde Eragilearen gainerako kideak ere egon izana, baita Vitoria-Gasteizko alkatea, Gorka Urtaran, eta, Bilbokoa, Juan Mari Aburto ere. Donostia/San Sebastiángo alkateak Jaime Dominguez-Macayaren esku utzi zuen bere jarduera.
2018ko Batzarrak Euskadiko Udalen Elkartearen jardueraren balantzea egiteko balio izan du, eta, halaber, udaletan lehentasun diren gaiak gogoratzeko; aldi berean, legealdiko azken txanpa da, ikasturte politikoa amaitu aurretik, eta gero 2019ko udal- eta foru-hauteskundeetara abiatuko da. Etorkizun hurbileko erronkei dagokienez, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea (ETEL) jorratu da, indarrean jarri zenetik bi urte pasatu ondoren.

Bilera, gaur, goizeko 11:00etan hasi da, Gorka Urtaran alkate anfitrioiaren ongietorri-hitzaldiarekin. Ondoren, EUDELen elkarteburuak, Imanol Landak, eguneko gai-zerrendaren puntuak aurkeztu ditu, eta, horien artean, Elkartearen aurrekontua onartu da, 2018ko ekitaldiari dagokiona. Zehazki, 2.958.769 eurokoa izan da guztira EUDELen funtzioak garatzeko zenbatekoa, eta funtzio horiek dira, hala nola, EAEko udal guztiei aholkularitza tekniko-juridikoa eskaintzea eta udal-kudeaketari laguntzeko zerbitzuak ematea.
Imanol Landa elkarteburuak berak Batzarreko kideei jakinarazi die EUDELen zerbitzu-eskaintza berria: aurten, beste behin ere, asmoa da udal txikiei emandako laguntza sendotzea (haiekin egon eta laguntzarako tresnak eman), eta, gainera, udal guztientzako dokumentu-ereduak egin dira, zeinak erreferentziazko ereduak izango diren Euskadiko udalerri guztietarako, orokorrean. Adibidez, Izapideen Eskuliburuak, kudeaketa elektronikora pasatu aurretik, eta Kontratazioko Baldintza-agiriak, Sektore Publikoaren Kontratuen Lege berriari egokitutakoak. Berdintasunaren arloan, eta Emakunderekin lankidetzan, aurten prozedura komuna egin da, uda-arauetan genero-inpaktuari buruzko ebaluazioak egiteko. Urtearen bigarren seihilekoan diseinatuko dira genero-indarkeriako erasoei aurre egiteko aholku-gidak nahiz tokian-tokiko erantzuna emateko eta prebenitzeko protokoloak.
Zenbait arloren artean, EUDELen 2018ko jarduera-balantzean gai hauek azpimarratu dira: tokiko berrikuntza, kudeaketa elektronikoa bultzatzea eta interoperabilitatea oinarri duena; lurralde bakoitzean Gizarte Zerbitzuen Mapak hedatzea; euskararen sustapena udaletan, edo funtzio publikoa, tokiko erakundeen langileentzako ‘Udalhitz’ hitzarmenaren negoziazio kolektiboarekin.
Aldi berean, EUDELek jarraitzen du udalen arteko sareak sendotzen, adibidez Berdinsarea, berdintasun arloko langile teknikoentzat, edo Basqueskola, Euskadiko emakumezko alkate eta zinegotzientzat; horrekin batera, Europan lankidetza-proiektuak bultzatzea, esaterako, Gobernantza onaren arloan Europako Kontseiluarekin egiten dena (ELoGE Zigilua), edo Europako Herrien eta Eskualdeen Batzordearen (CMRE) kide gisa, eta horrek aukera eman dio EUDELi, Bilboko Udalarekin batera, “Berdintasuna, Dibertsitatea eta Inklusioa” konferentzia antolatzeko, ekainaren 11tik 13ra.