Eudel

Bilbo, 2020ko urriak 13. EUDELeko Batzorde Eragileak Euskadiko udalen Batzar Orokorra azaroaren 12an egitea adostu du, Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Joan den urteko irailaren 16an Elgoibarren Elkartearen gobernu-organoak berritu osteko lehen Batzarra izango da 2020koa, eta, gainera, Euskadiko alkateen lehen bilera izango da, pandemia hasi zenetik.

EUDELen Batzar Orokorra urtean behin biltzen da udalerri batean, eta beti txandaka hiru lurralde historikoetako bakoitzean. Datorren azaroan egingo den bileran, EUDELek 2021eko ekintza ildoak aurkeztuko ditu, bai eta 2019ko urteko kontuak, 2020ko aurrekontua eta hurrengo ekitaldirako aurrekontua ere.

Batzarrerako deialdia joan den ostiralean bidali zitzaien euskal udalei, hilabete lehenago, EUDELen Estatutuetan ezarritako epea betez. Bilerarako ezarri den ordutegia hauxe da: lehen deialdia 11:00etan, eta bigarren deialdia 11:30ean.

COVID-19aren protokoloa

2020ko Batzarra egiteko hautatu den lekua Vitoria-Gasteizko Europa Jauregiko Maria de Maeztu auditoriuma da. Esparruak mota honetako bilera bat egiteko bete beharreko betekizunak betetzen ditu, gaur egungo osasun zuzentarauak eta Covid-19aren arloan indarrean den arautegia aintzat hartuta. Auditoriumeko edukiera %50era mugatuta egongo da; dena dela, aukera ematen du Batzarreko kide diren tokiko ordezkari guztiak hartzeko, eskatutako segurtasun tartea errespetatuz, bai eserlekuen arteko espazioari dagokionez, bai esparruko eremu komunetan eta joan-etorrietako eremuetan.

EUDELen Batzarrean, pandemiak sortutako egoera honen aurrean ekitaldiak egin ahal izateko Europa Jauregiak berak ezarritako segurtasun- eta prebentzio-neurrien protokoloa aplikatuko da.

Europa Jauregiaren Covid-19aren aurkako kontingentzia-planak ohiko prebentzio-neurriak jasotzen ditu (markara eta gel desinfektatzailea erabiltzea, segurtasun-tartea), bai eta esparruko berariazko beste neurri batzuk ere (sarreran tenperatura kontrolatzea, auditoriumeko edukiera %50era murriztea, edukiera mugatua komunetan, hallean eta korridoeetan denbora gehiegi egoteko debekua, etab.).

Aurten, izena online emateko aukera gaitzeaz gain, EUDELek formatu digitalean baino ez du emango 2020ko Batzarrerako dokumentazioa, horretarako prestatu den eta bazkideek erabiltzeko baino ez den web atalaren bitartez (www.eudel.eus).