Eudel

Laster, katalogo bat egingo da: proiektu inspiratzaileei eta finantzaketa iturriei buruzkoa. Abenduaren 10ean (osteguna), bigarren foro bat egingo da, esparru teknologikoko eragile publiko-pribatuekin.

Bilbon, 2020ko abenduaren 3an. Bihar, ostirala, hiru lurralde historikoetako udaletako hogeita hamar arduradun tekniko nahiz politikok foro birtual batean parte hartuko dute; EUDELek eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak antolatu dute, Deusto Cities Lab Katedrarekin elkarlanean. Foroaren aurkezpena hauek egingo dute: Aitziber Oliban Erandioko alkate eta EUDELen Batzorde Eragileko ordezkariak eta Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzaren Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendariak.

PRENTSA OHARRA JAITSI

“Udalerri adimendunen” topaketa hau “Herrismartik” Gobernantza eta Udal Garapen Adimenduneko Estrategiaren testuinguruan kokatuta dago. Ekimen hori, 2017az geroztik, Eusko Jaurlaritzaren eta udalen elkarlanak sustatzen du, tokiko esparruan Euskadiko 2020ko Agenda Digitala (AD@2020) ezartzeko xedez.

AD@2020ren bidez, Eusko Jaurlaritzak bere egin nahi du teknologia digitalek eskaintzen dituzten aukerak Euskadin errealitate bihurtzeko erronka, 2020ko Europan, Euskadi erreferentziazko lurraldea izan dadin lehiakortasunean, ongizatean, integrazio sozialean eta enpleguaren kalitatean.

Teknologia tokiko udalerrien eta haien eraldaketaren zerbitzura

Foroak lanerako hainbat espazio izango ditu online, eta horietan parte hartzen duten udaletako kideek elkarrizketa eta ideiak trukatzeko dinamikak egingo dituzte, IKTak tokiko bizitzako askotariko eremuetan txertatzeari dagozkien beren esperientziei buruz hitz egiteko.

Topaketaren helburua da Euskadin eta inguruan aitzindariak izan daitezkeen tokiko proiektu berritzaileak identifikatzea, udalerrien garapen iraunkorrari eta “adimendunari” dagokionez dauden erronkei aurre egiteko teknologia erabiltzeko. Saioaren dinamikak tokiko ekintzaren esparru guztietan sakonduko du erronka global handien aurrean (soziala, ekonomikoa, ingurumenari dagokiona, kulturala…).

Foro horretan identifikatutako proiektuak “esperientzia inspiratzaileak” eta tokiko proiektuetarako finantzaketa iturriak bilduko dituen katalogoan sartuko dira, eta EUDELek Euskadiko udalei bidaliko die; halaber, www.eudel.eus atarian eta www.herrismartik.eus programaren atarian argitaratuko da.

Tokiko erantzunak erronka globalei

Euskadiko proiektuen “erradiografia” egiteko, berreskuratze iraunkor, inklusibo eta erresilientearekin lotutako arloetan jarriko da ardatza, eta, besteak beste, hauek izan daitezke:

  • Ingurumena: efizientzia energetikoa, hondakinen kudeaketa, uraren kudeaketa, mugikortasuna, zarata, klima-aldaketa…
  • Gizartea: zahartze aktiboa, inklusioa, arreta soziosanitarioa, segurtasun urbanoa, pobrezia energetikoaren aurkako borroka…
  • Ekonomia: finantzaketa iturriak, udal zerbitzu adimendunak…
  • Kultura: hezkuntza digitala, gaitasun teknologikoak, herritar konprometituak eta ahaldunduak…

Ekimen berritzaileen trukeaz gainera, beste gai batzuk ere landuko dira: udalen eta gainerako erakundeen arteko kolaborazioa, aliantza publiko-pribatuak, eta halako proiektuak Euskadiko udalerrietan gauzatzeko behar diren gaitasun eta baliabideak.

Abenduak 10, osteguna. Marketplace foroa, udalen, teknologia-enpresen eta teknologia-eragileen artean

Ostiraleko saioa osatzeko, abenduaren 10ean (osteguna), bigarren foroa egingo da. Saio hori toki-erakundeen eta sektore pribatuaren artean harremanak sortzen laguntzeko izango da.

Azoka eta kongresuetako “Marketplace” erakusketa-formatua baliatuta, teknologia-sektoreko erreferentziazko enpresak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak gonbidatuko dira, merkatuan dauden soluzioak aurkez ditzaten. Udal-garapen iraunkorraren erronkei erantzuten lagundu dezaketen ekimenak bilatuko dira, eta udalekin eurekin kontrastatuko dira.