- Udalak Eusko Jaurlaritzarekin ari dira lanean aterpea eta ahal den laguntza guztia emateko Euskadira iristen diren Ukrainako pertsona eta familiei.
Bilbon, 2022ko martxoaren 4an. Ostiral honetan bertan hasi da EUDEL euskal udalerriek Ukrainatik berentzat eta beren familientzat etorkizun hobe baten bila irten behar izan duten pertsonei aterpea emateko zer gaitasun duten identifikatzen.
Euskadiko Udalen Elkartea Eusko Jaurlaritzarekin ari da elkarlanean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako Sailaren bitartez. Euskal erakunde guztiak koordinatuta dabiltza lanean, Euskadira irits litezkeenei laguntza eraginkorra emateko, modu ordenatuan, seguruan eta baldintza duinetan.
Egoeraren urgentzia dela-eta, ahalik eta azkarren egin behar da euskal udalek dituzten aterpe-plazen aurreikuspena, etor litezkeen premiei aurre egin ahal izateko. Informazioa biltzeko, EUDELek EAEko udalei eta mankomunitateei galdetegiak bidali dizkie. Bertan, adierazi ahalko dute dituzten baliabideen (zentroak) zerrenda, horien ezaugarriak, eta zenbat plaza dituen bakoitzak erabilgarri. Galdetegi horiek Inklusioaren, Gizarte Segurantzaren eta Migrazioen Ministerioak autonomia erkidegoentzat egindako eredu komunak dira.
EUDELen elkarteburu Gorka Urtaranek balioan jarri du toki-erakundeen lankidetza: “Harrerarako eta etor litezkeen beharrizanetarako udalek erabilgarri dituzten baliabideei buruzko datuak jasoko ditugu, bai eta gure herri eta hirietan ditugun baliabide materialei eta giza baliabideei buruzkoak ere”. Urtaranek nabarmendu duenez, “euskal herritarrak eredu ari dira izaten ukrainar komunitatearekiko elkartasunaren eta babesaren arloan, eta udalok ahal den neurrian euskal gizartearen mailan egon nahi dugu. Gure babes osoa emango diegu Ukrainari eta basakeria horretatik ihesi dabiltzan errefuxiatuei”.
Gorka Urtaran, EUDELen Elkarteburuaren audioa
Udalen baliabideei buruz jasotzeko informazioa:
-Baliabide-motak: pisuak, aterpetxeak, zentroak (seminarioak, egoitzak, bizitegi-guneak/aisialdiko bizitegi-guneak…), abegi-familiak.
-Baliabidearen plaza-kopurua.
-Egokitzapena: hornidurak, altzariak, sukaldea, komuna, Internet, irisgarritasuna.
-Baliabide materialak (elikadura, arropa, higiene-kitak) eta giza baliabideak (langile espezializatuak, edo zentroa kudeatzekoak).
-Kokapena: urbanoa, landa-ingurunekoa, garraio publikoa, udalerrian dauden ukrainar biztanleen eta komunitateen kopurua.
Aldi berean, herritarren elkartasunezko eskaintza indibidual eta partikularrak bideratzeko eta kudeatzeko, Eusko Jaurlaritzak jarritako posta erabil daiteke: errefuxiatuak@euskadi.eus