Eudel
  • COVID19-ak baldintzatutako urte honetan Beldur Barik lehiaketan izandako parte hartze handiak agerian utzi du gazteek erreferente dutela programa
  • 12 eta 16 urte bitarteko neska-mutilek ikus-entzunezko 200 lan baino gehiago aurkeztu dituzte.
  • Aurten sari-banaketa Donostian egingo da eta streaming bidez jarraitu ahal izango da soilik.
  • Lehiaketan parte hartu duten lanetan gazteek honako gaiak jorratu dituzte: rolak eta estereotipoak, emakumeen ahalduntzea eta gorputzen aniztasuna.

 

Donostia, 2020ko azaroaren 18a. Gaur goizean aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundian, Donostian, Beldur Barik 2020 topaketa, gazteen artean indarkeria matxistaren prebentziorako aurtengo programako azken ekimena, Emakundek bultzatua, eta hiru lurraldeetako foru aldundien eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen babesa duena. Ekitaldian izan dira Emakundeko Zuzendaria, Izaskun Landaida; Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaria, Miren Elgarresta; Bizkaiako Foru Aldundiko genero politiken Idazkari teknikoa, Cristina Sardui; Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen Zuzendaria, Nerea Melgosa eta EUDEL-eko ordezkaria eta Gordexolako alkatea den Angela Eguia Liñero.

Ángela Eguía Gordexolako alkateak hitza hartu du Batzorde Eragilearen izenean, eta nabarmendu du udalerriek Beldur Barik ekimenean izan duten partaidetza gogobetetzeko modukoa izan dela, pandemiak pandemia, eta tokiko erakundeek programarekin harturiko konpromisoari eutsi diotela aurten ere.

EUDELek Beldur Barik ekimenaren balioa azpimarratu du, “sentsibilizatzeko eta hezteko tresna gisa, gure udalerrietako bizimodua eraldatzeko eta aldatzeko orduan gure gazteak eragile izan daitezen”.

Alde horretatik, Ángela Eguíak jakinarazi du EUDELek Emakunderekin jardungo duela, programak nolako inpaktua izan duen ebaluatzeko hurrengo hilabeteetan egingo den ebaluazioan tokikoaren ikuspegia txertatzeko. Alkateak azaldu duenez, hamar urteko ibilbide honetan, “funtsezkoa zaigu Beldur Barik ekimenak udalerrietan izan duen eragina aztertzea”.

EUDELen ordezkariak, era berean, esan du balioestekoa dela erakunde eta eragile inplikatu guztiek elkarrekin nola jardun duten programan: “Guztiok elkarturik “BELDUR BARIK jarrera” hedatzen jarraitu behar dugu, erreferentzia eredugarria baita herritarrentzat; izan ere, eguneroko ohituretan agertu ohi diren jarrera sexistei, indarkeriari eta mikromatxismoei planto egiteko jokabide irmoa hartu dute”.

 

Beldur Barik  PRENTSAKO OHARRA

Informazio gehiago: www.beldurbarik.eus