Bilbo, 2015eko martxoaren 16a. Gaur goizean Irene Pardo Nekazaritza diputatuak, Ibone Bengoetxea Euskadiko Udalen Elkarteko (EUDEL) presidenteak eta Gorka Martínez BBK Banku Fundazioaren zuzendari nagusiak Bizkaian azokak eta merkatuak antolatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Foru Jauregian. Foru Aldundiko Nekazaritza Sailarentzat, zuzeneko salmentak mesede egiten dio kalitate-bereizgarriak promozionatzeko eta nekazaritzako errentak handitzeko helburu bikoitzari. BBK Fundazioak lehenengo sektorea babestu nahi du orokorrean, baita azokak eta merkatuak ere, batez ere saltokiak jarriz. Eudelen ustez, berebizikoa da azokek eta merkatuek produktuen osasun, kalitate eta jatorrizko bermeak izatea, nekazaritzaren administrazio sektorialaren eta Bizkaiko udalerrien helburuak bateratu eta erakunde antolatzaileak izan daitezen.
Hitzarmen honekin, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak kalitate-bereizgarrietara batu diren ekoizleen zerrenda egingo du. Liburuxka bat ere egingo du kontsumitzaileentzat, zuzenean edo Bizkaiko Landa Garapen Elkarteen Federazioarekin (Bizkaimendi) lankidetzan.
BBK Fundazioak, aldiz, antolatzen eta babesten laguntzeko konpromisoa hartu du, baita saltokiak jartzekoa ere.
Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) lankidetza-hitzarmenetik eratorritako agiri eta akordio guztiak Bizkaiko udalen artean zabaltzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu du.
Nekazaritzako produktuak saltzen dituzten ekoizleen zentsua
Merkatu eta azoka tradizionaletan nekazaritzako produktuak eta elikagaiak saltzen dituzten ekoizleen zentsua sortzeari gehituko zaion neurria da hau. Duela gutxi Gobernu Kontseiluak onetsitako Foru Dekretuaren bidez araututako foru ekimena da. Hemendik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko merkatu eta azoka tradizionaletan Euskadiko nekazaritzako produktuak eta elikagaiak saltzen dituzten ekoizleak zentzuan argi eta garbi identifikatuta egon beharko dira.
Eusko Jaurlaritzako Kalitate eta Elikagaien Industriaren Zuzendaritzak ekitaldi bakoitzerako argitaratutako zerrendan edota Nekazaritza Sailak egindakoan ageri diren eta Bizkaian egiten diren tokiko nekazal merkatu eta azoka tradizional guztietan izena emanda daudela egiaztatu ahalko dute ekoizle horiek, baita udalek beren eskumenen baitan aplikatzeko eskatzen duten zerrendetan ageri direnetan ere. Hori guztia udaletxeek tokiko merkatu eta azoka tradizionalak eta oro har merkataritza ezarri, arautu, zaindu eta kontrolatzeko dituzten eskumenei kalterik egin gabe.
Onetsitako zentsuaren helburua ekoizleen inbentario eguneratua eskaintzea da, eta horien inguruko informazio eguneratua izatea. Nekazaritza Foru Sailari dagokio zentsuan izena emateko ezarritako betekizunak errespetatzen direla kontrolatzea. Era berean, saltzailearen inskripzioa ondo ikus daitekeen leku batean agertu beharko da, eta saltzen duen produktu bakoitzaren kasuan sortutako bereizgarria ere agertu beharko da.