Eudel

Gaur abenduak 2, asteazkena, Bilbon, Euskadiko Artxibategi Historikoan egiten ari da Hiriko Bide Segurtasunari eta Mugikortasun Seguruari buruzko Jardunaldia. Topaketak bide-segurtasunaren arloko adituak bildu ditu hizlari gisa eta Euskadiko Trafiko Zuzendaritzaren eta udalen arteko lankidetza sakontzeko eta hedatzeko balio izan du, baita udalak euskal udalerrietan mugikortasun seguruago eta iraunkorragoari bide emango dioten tresnez hornitzeko ere.

Mahai-inguru batek eman dio amaiera jardunaldiari, «Mugikortasuna eta segurtasuna herri-barruetan» izenburuarekin. Honako hauek hartu dute parte: Ager Izagirre, Mungiako alkatea, EUDELen ordezkaria, Alfonso Gil, Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Zirkulazio Politiketako koordinatzailea; Pilar Arana, Donostiako Mugikortasun eta Garraioetako zinegotzia; eta Álvaro Iturritxa, Gasteizko Udaleko Hirigintza, Ingurumen eta Espazio Publikoetako koordinatzaile nagusia. Mahai-ingurua eta osteko eztabaida-saioa Luis Murguiak, RAVCNko Mugikortasun eta Bide-segurtasuneko aholkulariak, moderatu du.

EUDELentzat, oso interesgarria da mugikortasunaren eta segurtasunaren arloa, tokiko esparruaren berezko gaia baita. Politikariontzat, hain zuzen ere, erronka handia da mugikortasunaren arloko ezaugarri zehatzak dituen udalerria edukitzea eta bertako kaleak atseginak, erosoak eta seguruak izatea.” adierazi du Ager Izagirre, Mungiako Alkatea eta Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkariak.

Izagirrek azaldu du beti ez dela erraza borondate guztiak bateratzea baina  “azkenean, kaleak gure aurkezpen-txartela direla esan daiteke, hau da, gure ezaugarri bereizgarria. Inolako zalantzarik gabe, daukagun onena eman behar dugu herritarren aurreikuspenei erantzun ahal izateko.“