- #HERRISMARTIK ekimenak “Lurralde Adimenduneko Euskal Estrategia” garatzeko xedea du, udaletan udal zerbitzu adimendunak (Smart Cities) bultzatzeko, teknologia-modernizazioa, kudeaketa aurreratua, sinplifikzio administratiboa eta interoperabilitatea baliatuta.
2018ko Azaroak 15. EUDELen Berrikuntza Batzordeak Smart City Expo World Congress 2018 ekimenenean hartu du parte Bartzelonan, azaroaren 13tik 15era, hiri adimendunen munduko topaketa batean; bertan, 700 hiritako ehun alkatek baino gehiagok eta ia 850 enpresak hartu dute parte.
Bartzelonan izan den euskal ordezkaritza honako hauek osatu dute: Elgoibar (Gipuzkoa), Larrabetzu eta Ermua (Bizkaia) eta Zambranako (Araba) udaletako ordezkariek, baita Eusko Jaurlaritzako eta foru-aldundietako ordezkariek ere.
Eraldaketa digital eta soziala ardatz, biltzarrak zenbait gai izan ditu hizpide, besteak beste, gobernantza, mugikortasuna, ingurumena eta ekonomia zirkularra, eta hiri inklusibo eta seguruak nola lortu izan da erronketako bat.
Ekitaldiaren hiru jardunaldietan, EUDELen ordezkaritzak berrikuntzako proiektuak eta ‘Smart City’ esperientziak partekatu ahal izan ditu beste hiri batzuekin, eta, era berean, ezagutzera eman du Gobernantza eta Udal Garapen Adimenduneko 2018-2019 Estrategia, “HERRISMARTIK” izenekoa.
EUDELek eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin sustatuta, proiektuaren xedea da Euskadiko udalerriak erreferente izatea lehiakortasunean, ongizatean, gizarte-inklusioan, enpleguaren kalitatean eta toki garapenean, 2020. urteko Europan. Etorkizunerako proiektua da, eta, horregatik, Euskadiko hainbat erakunde eta eragile daude horretan lanean, aurrerapenak eta esperientzia berritzaileak partekatu ahal izateko.
*Euskal ordezkaritza SCEWC 2018 : Ane Beitia, Elgoibarko alkatea, Iñigo Gaztelu, Larrabetzuko alkatea, Aitor Abecia, Zambranako alkatea, Josu Ansola, Ermuko teknikaria (EUDELen Berrikuntza Batzordea), Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien ordeazkariekin.
Sare-sistema eta tokiko esperientzien bankua
HERRISMARTIK proiektuarekin, EUDELek zeregin aktiboa hartu du bere gain, udal adimendunen sare-sistema bat eta tokiko proiektuen/esperientzien banku bat sortzeko lanean. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban eratutako hiru lurralde batzordeen bitartez, EUDELek EAEko udal guztietara zabaldu nahi du udalarteko ikaskuntza ingurunea, lurralde adimenduneko proiektuak abiarazteko.
Tamaina eta egoera ugaritako udalen arteko lankidetza-proiektua da, eta epe ertain eta luzera gauzatu daitezkeen beharrizan eta konpromisoen inguruko aurretiko diagnostikoa du abiapuntu. “HERRISMARTIK” ekimenaren erronka nagusia da teknologia digitalek tokiko esparruan eskaintzen dituzten aukerak errealitate bihurtzea.
Azken finean, “HERRISMARTIK” ekimenak hiri eraldaketa sustatu nahi du, ingurumenaren, demografiaren eta teknologiaren esparruan sortu diren erronka berriei erantzuteko, eta enpresei, ekintzaileei eta erakundeei, oro har, eragile aktibo izateko aukera emateko, negoziorako aukera berriak identifikatu eta abiarazteko orduan.
+ Informazio gehiago: www.herrismartik.eus #Herrismartik
+Albisteak: EUDELek diagnostiko bat bultzatu du udalekin batera, berrikuntzaren eta Smart City zerbitzuen arloan