- Aldi berri honetan udalek izango dituzten lehentasunezko xedeen artean, aipatzekoak dira Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea garatzea, gazteekiko hurbiltasuna, eraldaketa digitala eta, bereziki, tokian-tokian, bultzada ematea Garapen Jasangarriaren Helburuei, “Europan erreferente izango diren herri eta hiri jasangarriak bilatzeko”.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 15a. Iñigo Urkullu Lehendakariak EUDELen Batzorde Eragilearen buru Gorka Urtarani egin dio harrera gaur goizean, Lehendakaritzaren egoitzan; izan ere, EUDELeko kideak irailaren 19an berritu ziren, Elgoibarreko Batzarrean.
Bileran, Batzorde Eragileak Lehendakariari jakinarazi dio konpromiso irmoa duela toki-erakundeak indartzen eta haien interesen alde egiten jarraitzeko, eta, horretarako, zehazki, lehentasunezko hiru ekintza-ardatz erabiliko dira aldi berri honetan.
Lehenik eta behin, EUDELen Elkarteburuak adierazi du prest dagoela gainerako erakundeekin lan egiteko, betiere, Lehendakariak Politika Orokorreko eztabaidan Legebiltzarrean definitu zituen herrialdearen erronka nagusiak betetzeko. Ildo horretan, Gorka Urtaranek adierazi du udalak pertsonengandik gertuen dauden espazioak direla, eta, horrenbestez, horietan emango zaie tokiko erantzuna erronka globalei —hain zuzen ere, klima-aldaketa, demografia, gizarte-inklusioa edo eraldaketa teknologikoa, besteak beste— .
Bigarrenik, erakunde-solaskide den aldetik duen funtzio nagusi gisa, EUDELek Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea garatu dadin eta Lege horretan jasotako organoak ezarri daitezen bultzatuko du, “udalen udal-autonomia eta finantza-nahikotasuna finkatzeko”.

Udalen helburuak agintaldi berrian
Hirugarrenik, EUDELek askoren arteko estrategia koordinatua sustatuko du, udalen erronkei erantzuteko eta horiek aukera bihurtu ahal izateko. Elkarteburu berri izendatu ondoren Elgoibarren egin zuen esku-hartzean, Gorka Urtaranek iragarri zuen zein izango diren toki-erakundeen eta, hortaz, EUDELen hiru helburu garrantzitsuenak agintaldi honetan:
- Udalen digitalizazio osoa, baita administrazioaren eta herritarren arteko harremanetan ere.
- EUDELen bidez, udalerrien partaidetza osoa Euskadin eta Europan toki-ordezkaritza duten foro guztietan, eta batez ere sare aurreratu eta berritzaileenetan, europar proiektu komuna eraikitzeko.
- Gazteen beharrei erantzuteko eta haiek politika publikoetan parte hartzeko konplizitate eta hurbiltasun handiagoa. “Udalok erakunde gazteenak izan behar dugu, euskal gazteriarentzako hurbilekoenak eta irekienak”, adierazi du Gorka Urtaranek.
Helburu horiei erantzuteko, eta 2030 Agendaren lehentasun nagusi gisa, EUDELek Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH) betetzeko prozesuan aurrera egiteko eta horiek tokiko mailan hedatzeko lan egingo du, “Europan erreferente izango diren herri eta hiri inklusiboak eta jasangarriak bilatzeko”.
Horrez gainera, eta bere jardueraren baitan, erakundeak udalen arteko lanerako sareak lantzen jarraituko du, esperientziak eta jardunbide onak partekatzeko xedez; gauza bera egingo du ordezkari politikariei eta udal-teknikariei laguntza emateko zerbitzuekin ere, eta arreta berezia jarriko die udal txikiei eta haien beharrizan zehatzei.