- Eudel, Euskadiko Udalek Gobernu Onaren alorrean izandako esperientzia aurkeztera eta Europako tokiko eta eskualdeetako beste gobernu batzuekin partekatzera gonbidatu dute Innsbruck Austriako hirian maiatzaren 8an eta 9an izango den hitzaldian.
- Europako Kontseiluaren Tokiko eta Eskualdeetako Botereen Biltzarrak, Eskualdeetako Batzordeak eta Tiroleko Gobernuak berak antolatu dute Nazioarteko topagune hau.
- Hitzaldiaren barruan, Maximiliano Enperadorearen Europako Sariaren 16. edizioa emateko ospakizuna egingo da.
Ibone Bengoetxea EUDELeko lehendakariak inauguratzeko ekitaldian parte hartuko du maiatzaren 8an, ostegunean, Herwing Van Staa Tirol eskualdeko Parlamentuaren Lehendakariarekin eta Winfried Bausback Bavariako Justizia Ministroarekin batera. Euskadiko Udalen izenean, Ibone Bengoetxeak gardentasun, Gobernu On eta etika publikoaren alorrean, ustelkeriari aurrea hartzeko Euskadiko tokiko gobernuetan ezartzen ari diren erabakiak azalduko ditu. Tokiko hautetsien Jokabide Kodea edo Gardentasunaren aldeko Euskal Udalen Sarea EUDELek berak duela gutxi sustatutako esperientziak dira eta Eudeleko Elkarteburuak hizpide izango ditu.
Egun bietan hitzaldiak tokiko eta eskualdeetako gobernuen arteko eztabaidagunea irekiko du eta probetxuzkoa izango da diagnostikoa egin eta proposamenak partekatzeko, ustelkeriaren aurka prebentzio neurri gisa Gobernatzeko Era Ona sendotzeko asmoz.
Biltzarrean ustelkeriaren aurkako borrokaren Europako erakunde nagusietako ordezkariek parte hartuko dute: Ustelkeriaren aurkako Estatuen Taldea (GRECO), Europako Batzordearen Iruzurra Borrokatzeko Bulegoa (OLAF), Ustelkeriaren aurkako Nazioarteko Akademia, Sektore Publikoaren Kanpo Kontrolerako Eskualdeetako Instituzioen Erakundea (EURORAI), edo Luxenburgoko Justizia Auzitegi bera.
Maximiliano Enperadorea Saria
Europako agintari ugari bilduko dituen topagunea izateko aukeraren aurrean, Tiroleko gobernuak Nazioarteko Hitzaldi hau Maximiliano Enperadorearen Europako Sariaren 16. edizioarekin batera ipini du. Aurten garaikurra Herwing Van Staa Eskualdeko Parlamentuaren eta Europako Kontseiluaren Biltzarraren Lehendakariari emango diote, Europako tokiko eta eskualdeetako politikari emandako ekarpenagatik. Saria emateko ekitaldian EUDELeko Elkarteburua egongo da eta maiatzaren 8an bertan, arratsaldez, egingo da Innsbruckeko Gaztelu Inperialean bertan.