Eudel

Gorka Urtaran elkarteburuak esan du euskal udalerriek “Europako aitzindaritzan” egon nahi dutela “mugikortasunaren erronkari irtenbideak emateko”.

Gorka Urtaranek EUDELeko elkarte-buru  gisa eta Gasteizko alkate gisa parte hartu du Bilboko SUM Mugikortasun Jasangarriari buruzko Nazioarteko Biltzarraren amaierako saioan. Ekitaldia urriaren 6an eta 7an egin da Euskalduna Jauregian, eta 35 erakunde publiko eta pribatuk ‘Bilboko Adierazpena’ sinatu dute.

12:30ean, sinatu aurretik, itxiera-ekitaldia egin da, “Berrikuntza eta neutraltasun teknologikoa, mugikortasun jasangarriaren gakoa” izenburupean burutu den mahai-inguruaren bidez, eta biltzarreko funtsezko gaien azken laburpena izan da. Amaierako foro horretan, Gorka Urtaranekin batera, honako ordezkari hauek ere egon dira:  Alfonso Gil Bilboko mugikortasuneko zinegotzi eta Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioko (FEMP) Garraio, Mugikortasun Jasangarri eta Bide Segurtasuneko Batzordeko presidentea, Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidentea eta Ramón Valdivia Palma Errepideko Garraioaren Nazioarteko Elkarteko (ASTIC) Zuzendari Nagusia.

Gorka Urtarani “emisio baxuko eremuez”‘galdetu diote eta berak “etorkizunerako leiho bat” direla esan du, “planetak jasaten dituen mehatxuei erantzuna emango dien” hiri-garapen baterantz ahalik eta modu ordenatuenean joateko. Gainera, ibilgailu pribatuak “hirietan protagonismoa galtzen jarraitu behar du”, garraio publiko jasangarriaren alde egingo duen trantsizioaren barruan. “Espazio publikoa pertsonentzat izan behar da, bizitzeko eta gozatzeko gunea, ez bakarrik leku batetik bestera mugitzeko”, esan du Urtaranek.

Gainera, “Giza eskalako hiriak, trinkoak eta erabilera mistoak dituztenak” eratu behar direla esan du, joan-etorri gehienak oinez edo bizikletaz egin ahal izateko. Gorka Urtaranek jasangarritasuna defendatu du, eta horretarako “garraio publikoaren alde egin behar dugula: eraginkorra,  gaitasun handikoa, elektrikoa edo  etorkizunean hidrogekoanoa”.

EUDELeko buruak Klima Aldaketaren Legea izan du hizpide; izan ere, 50.000 biztanletik gorako 149 hiriek 2023a baino lehen emisio baxuko eremuak sortu behar dituzte.

Urtaranen hitzetan, euskal udalerriek “Europako aitzindaritzan egon nahi dute, Mugikortasunaren erronkari irtenbideak emateko”.

Irtenbide horien artean, “Garraio publikoa ibilgailu pribatua ordezkatzen joatea” aipatu du. Gorka Urtaranek adierazi duenez, garraioak “segurua” izan behar du, “haur bat zein 80 urteko pertsona bat hirian arriskurik gabe mugitu ahal izateko”.

Bilboko Adierazpena

Gaur, 35 erakunde publikok eta pribatuk Bilboko Adierazpena sinatu dute, eta konpromisoa hartu dute Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta 2030 Agendarekin bat datozen mugikortasun-ereduak lantzeko.

Sinadura-ekitaldiak amaiera eman dio SUM Bilbao 21 nazioarteko biltzarraren bigarren edizioari, izan ere, atzotik hiri mugikortasun jasangarriaren munduko hiriburu bihurtu da.

Gaur egin da bost kontinenteetako 90 aditu baino gehiago bildu dituen topaketaren bigarren eta azken jardunaldia, hiri-mugikortasunarekin lotutako gai garrantzitsuenak eta gaurkotuenak jorratzeko, hiriek mugikortasun jasangarriagoa sendotzeko dituzten erronkak eta aukerak aztertzeko eta mundu osoko hirietako kasu arrakastatsuak ezagutarazteko.