EUDELen Batzorde Eragileak proposamen bat adostu du, EAEko udaletan gurasotasun-baimenak parekatzeko erabakiak hartzea sustatzeko, ama biologikoa ez den gurasoaren baimena 126 egun naturaletara luzatuta (18 astetara).
Neurri horren bidez, benetan parekatu nahi da UDALHITZ Akordio Arautzailean jasotako amatasun-baimeneko 126 egun naturalekin; izan ere, akordio horrek EAEko toki-instituzioen zerbitzura dauden langileen lan-baldintzak arautzen ditu.
EUDELen gomendioaren bidez, udal-langile guztiei (23.000 lagun inguru) aukera eman nahi zaie guraso-baimenak ahalik eta lasterren hobetzeko, horrela, eragina izan dezaten udalean dagokion akordioa egiten den unetik aurrera.
EUDELen proposamenak bi helburu ditu:
- Espainiako Gobernuak joan den martxoan onartutako erregulazioa indarrean jartzea aurreratzea; izan ere, horrek aurreikusten du gurasotasun-baimenak arian-arian luzatzea, 2019ko 8 astetatik 2021eko 16 astetara. (*Emakumeen eta gizonen tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko premiazko neurriei buruzko Errege Lege Dekretua)
- EAEko udaletako langileen baimenak hobetzea (UDALHITZ), Errege Dekretukoekin alderatuta, iraupena 126 egun naturaletara luzatuta.
Gomendio horren bidez, EUDELek lortu nahi du EAEko udalak erreferente izan daitezen enplegatzaile gisa, udal-langileen artean berdintasuna, erantzunkidetasuna eta bizitza pertsonala eta familiarra bateragarri egiteko sustapena eraginkortasunez zabalduz.
Guraso-baimenak parekatzea neurri aurreratua da, eta familia-eredu berriak errespetatzen ditu, berdin aitortzen baitu gurasoen eskubidea, gurasotasun-arrazoia edozein dela ere (adopzioa, harrera, jaiotza edo adopzio-helburuko zaintza).