Eudel

Gorka Urtaran buru duen Batzorde Eragileak erabaki du baliorik gabe uztea ekitaldi eta jarduera soziokulturalei buruz EUDELek maiatzaren 14an emandako gomendioak.

Udal-mugapean antolatzen diren zerbitzu eta jarduera guztiek osasun-irizpideak eta unean uneko araudia bete beharko dituzte, betiere udalen iritzia kontuan hartuta.

 

GORKA URTARANen AUDIOAK:

 

 

“EUDELen GOMENDIOAK” 

 

“EZOHIKO FUNTSAK COVID19”

 

UDALENTZAKO GOMENDIOAK (ZIRKULARRA)

Bilbon, 2020ko ekainaren 11n. Gaur egin den bilera telematikoan, EUDELen Batzorde Eragileak –Gorka Urtaran buru duenak eta Euskadiko udalerrietako sentsibilitate guztietako hamalau alkatek osatzen dutenak– hainbat akordio garrantzitsu hartu ditu EAEko udalentzat, normaltasun berrira igarotzeko udal-eskumenari dagokionez, eta, orobat, COVID-19ak eragindako inpaktuetatik udalerriak gizarte- eta ekonomia-aldetik suspertzeko prozesua bultzatzeko eta gauzatzeko behar den finantziazioa lortzeari dagokionez.

Lehenengo akordioak EUDELen gobernu-organoak maiatzaren 14ko aurreko bileran, deskonfinamendua hastearekin batera, onartutako gomendioekin du zerikusia. Horien bidez, udalei irizpide komunak eta oinarrizkoak eskaini nahi zitzaizkien, ekitaldiak eta era guztietako udako jarduera soziokulturalak antolatzeko edo baimentzeko, eta modu ordenatuan, seguruan eta herritarren osasunerako berme osoarekin garatu ahal izateko.

EUDELEN GOMENDIOAK JAITSI

Zehaztu zen bezala, orientazio horiek irekiak ziren, eta osasun-jarraibideen eta une bakoitzean emandako araudiaren arabera eguneratuko ziren. Beraz, gaurko egunean, EAEk 3. fasean normaltasun osorantz aurrera egiten duela ikusita, Batzordeko alkateek aho batez erabaki dute EUDELek emandako gomendioak indarrik gabe uztea. Udal bakoitzak bere erabakiak hartuko ditu, udal-autonomiaren arabera eta indarrean dauden arauak –bai Estatukoak, bai autonomia erkidegokoak– betez, bai eta etorkizuneko garapenak edo aldaketak ere, egoeraren bilakaeraren arabera. Horri dagokionez, EUDELek arretaz eta zuhurtziaz jokatzea gomendatzen du, jarduera horiek baimentzean edo antolatzean, egoera edozein unetan alda daitekeela kontuan hartuta. Lehentasun nagusia beti izango da pertsona guztien osasuna eta segurtasuna bermatzea, bai antolakuntzakoena, bai erabiltzaile eta parte-hartzaileena.

Ildo horretan, EUDELen Batzorde Eragileak uste du oso garrantzitsua dela deskonfinamenduari eta normaltasunera itzultzeari buruzko araudian aintzat hartzea udalek duten erantzukizuna udalerrian garatu beharreko zerbitzu eta jarduera publiko eta pribatu guztietan. Udalerria da bizitza normalera igarotzeko lekua, eta tokiko erakundeek erantzukizunik zuzenena dute ordena zibikoa eta segurtasuna zaintzeko, herritarrekin berekin lankidetza estuan arituta.

Udalekuak

Indarrean dagoen araudiaren arabera antola daitezkeen udalekuen kasuan, EUDELen elkarteburu Gorka Urtaranek azaldu duenez, udalek aurreko urteetako antolatze-denbora bera ez dutela kontuan hartuta, egokia eta bidezkoa izan daiteke udalekuak bideratzea familiarik ahulenei gizarte-laguntza ematera, eta dauden plazetan baliabide gutxien dituzten familietako haurrak lehenestea.

COVID19 Funts Bereziak

Batzorde Eragilearen bigarren akordioa izan da Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren deialdia eskatzea, Estatuarekiko harreman aldebikoaren esparruan, Estatuan eta Europan sustatuko diren COVID ondoko berpizterako ezohiko funtsetan Euskadik izango duen partaidetza zehaztu ahal izateko (Next Generation EB Plana). Euskadiren eta Estatuaren arteko harreman aldebikoaren esparruan, EUDELek eskatzen du oso kontuan hartu behar dela udalen aldarrikapena, hau da, Euskadiko udal guztiek izan behar dutela suspertze sozial eta ekonomikoaren eragile aktibo, eta, beraz, Europak eta Estatuak abian jarriko dituzten aparteko funtsen zati bat jaso behar dutela.

Gaur arratsaldean bertan, EUDELen elkarteburuak eskaera hori helaraziko die Europako kideei, Europako udalerrietako elkarteetako presidenteei. Gorka Urtaran Europako topaketa telematiko batean parte hartzen ari da, 15:00etatik aurrera. CMRE-Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluak antolatu eta Emilia-Romagna eskualdeko Stefano Bonnaccini presidenteak zuzentzen du. Topaketan, besteak beste, Frantzia, Italia, Alemania, Erresuma Batua, Grezia eta Suediako elkarteetako ordezkariek hartuko dute parte, eta baliagarria izango da gizartearen eta ekonomiaren aldetik iraunkorra den suspertze-prozesua bultzatzeko tokiko gobernuek, Europa osoan, udalerri guztietatik, duten funtsezko zeregina indartzeko baterako ikaskuntzak eta ekintza-proposamenak trukatzeko.