2022ko otsailak 11. Udalen ordezkaritzaren baitan, eta zailtasunak dituzten auzokide-taldeen beharrizanei erantzuna emate aldera, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak ekimena hartu du EAEn jarduten duten finantza-erakunde nagusiekin elkarrizketak hasteko. Gorka Urtaran elkarteburua, Nagore Alkorta eta Jose Antonio Santano elkarteburuordeekin batera, banku-entitateen ordezkariekin bilduko dira, sektoreak planteatutako neurrien protokoloa bertatik bertara ezagutzeko, Euskadirako formula espezifikoak eta egokiagoak aztertzeko bidean.
Gorka Urtaranen, EUDELen Elkarteburuaren, adierazpenak
EUDELek borondatea du mekanismoen baterako bilaketan laguntzeko, oinarrizko finantza-zerbitzuetarako sarbidea zailtasunak dituzten pertsonei zabaltzeko helburuarekin. Auzotarrei dagokienez, bai adinekoen, bai beste kolektibo batzuen ehuneko esanguratsuak finantza-bazterketaren arriskua erakusten du, eta horrek kezka sortzen die alkateei.
Espainiako Bankuaren azken txostenak dioenez, euskal udalerrien laurdenek ez dute ez kutxazainik, ez banku-bulegorik; horrek esan nahi du herritarren % 1,3k 5 km-tik gorako distantzia egin behar duela eskudirua lortzeko eta oinarrizko beste eragiketa batzuk egiteko.
EUDELek hainbat udalek dituzten beharrizanak kudeatzeko lan egiten du. Izan ere, Euskadiko udalerrien % 70 baino gehiagok 5.000 biztanle baino gutxiago dituzte. Ildo horretan, funtsezkoa da biztanle gutxien dituzten eremuetan finantza-zerbitzuak eskuratzeko mapa eguneratzea.
Euskadiko Udalen Elkartearen egitekoa da 251 alkateen ahotsa helaraztea gizarteko gainerako eragileei, beste gaietan bezala. Horrela, EUDELek berriz ere jardungo du toki-eremuko solaskide komun gisa, banku-erakundeen lankidetza ahalik eta handiena lortzea ahalbidetzen duten kudeaketak errazteko eta arintzeko, betiere udalak eta gainerako administrazioak kontuan hartuta.