Eudel

Bilbo, 2020ko maiatzaren 6a. EUDELek Euskadiko udaletako alkateei zuzendutako zirkular baten bidez iragarri berri du datozen egunetan COVID-19 testa egingo zaiela udaltzainei eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko (EELZ) langileei.

Neurri hori Osasun Sailetik suhiltzaileei egiten ari zaizkien proben jarraipena da. EUDELen elkarteburua eta Vitoria-Gasteizko alkatea Gorka Urtaran Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordeko kide da, COVID-19 pandemiak eragindako osasun-alertaren deklarazioa dela-eta, Lehendakariak aktibatutakoa. Erakundeen arteko lankidetza- eta koordinazio-esparru horretan, EUDELen bitartekaritzaren bidez adostutako neurrietako bat izan da gaixotasuna detektatzeko probak (testak) egitea bultzatzea, toki-enplegu publikoari dagokionez, funtsezko kolektiboak eta zerbitzu arriskugarrienak lehenetsita, hala nola, suhiltzaileak, udaltzaingoa eta EELZ.

Neurri berri honen bidez erantzuna ematen zaio kolektiboek berek adierazitako eskaerari, hasiera-hasieratik EUDELek bere egiten baitu funtsezko udal-zerbitzuetako langileen sentimendua, birusaren aurrean lehen lerroan lan kritikoena egiten dute eta.

Probak egin ahal izateko lehen urratsean, EUDELek zirkularrean alkateen laguntza eskatzen du Udaltzaingo eta EELZ kolektiboetako langileak identifikatzeko datuekin galdetegi bat betetzeko, eta Osasun Sailera bidaltzeko, horrela proben deialdia ahalik eta lasterren antolatu ahal izateko. Udaltzaingoen datuak bidaltzeko epea maiatzaren 11n amaituko da, eta EELZ langileen kasuan, maiatzaren 15ean.

Zirkularrean proba borondatezkoa dela jakinarazten da, baina emaitza positiboa izanez gero, pertsonak ondoren diagnostiko bat egin beharko du PCR bidez. Osasun Sailak kasu horretan jarraitu beharreko protokoloa bidaliko du.

Proba egiteko erreferentziazko Unibertsitate Ospitalea aukeratu ahal izango du langileak hauen artean: Arabako U.O; Donostia U.O.; Gurutzetako U.O.; Galdakaoko U.O.; Basurtuko U.O.