Beste urte batez, urrian hasi eta 2022ko martxora bitartean, EUDELek eta IVAPek tokiko euskal erakundeetako langileak prestatzeko eta gaitzeko programa antolatu dute, elkarlanean. Tokiko Zuzendaritza Publikoaren egitaraua udaletako langile laguntzaileen gaitasunak indartzeko da, izan zuzendaritza-gaitasun teknikoak nahiz, hala badagokio, gaitasun politikoak. Horretarako, beharrezko hainbat tresna eskainiko dira, bai eta ezagutzak eta esperientziak ere (praktika onak), tokiko euskal erakunde publikoak garatzeari ekiteko XXI. mendearen hirugarren hamarkadan.
“Euskadiko udalak 2030: garapen jasangarria, leheneratzea eta eraldatzea” izeneko aurtengo programaren xedea da tokiko erakundeek aurrean dituzten erronka berriei ekitea, pandemia osteko errealitatera egokitzeari dagokionez. Saio gehienak Agenda 2030 eta Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak (GJH) zer diren ezagutu eta lantzeko izango dira, jarduera praktikoak eginez, bai eta horiek, zer inplikazio eta aukera dituzten ezagutzeko ere. Halaber, Europako funtsen kontratazio eta kudeaketa publikorako mekanismoak ere gai nagusi izango dira, leheneratzeko eta eraldatzeko finantza-tresna baitira. Hiru bloke nagusi egongo dira: Agenda 2030; Leheneratze-programa eta Europako funtsen kudeaketa; eta Eraldaketa-neurriak, horien artean daude berrikuntza digitala eta antolamendukoa edo herritarren parte-hartzea.
Saioen formatua
Osasun-protokolo guztiak betez, eta, betiere, egoerak uzten badu, edizio honetan ikastaroak aurrez aurrekoak izango dira berriz ere, EUDELen Bilboko egoitzan. Guztira, 10 saio eskainiko dira, bakoitza bost ordukoa.
Irakasleei dagokienez, profil akademikokoak daude, eta, era berean, esperientzia praktiko egiaztatua duten bestelako hizlariak.
Programa-amaierako lan gisa, ikasleek Txosten edo Hobekuntza edo Berrikuntza Proiektu bat aurkeztu beharko dute; haien udalak edo tokiko erakundeak sustatzea aurreikusita duen arazo, proiektu edo erreformaren baten eta erakundearen onura ekar dezakeen konponbidea edo aplikazio praktikoa izango litzateke.
Tokiko gobernantzaren zeregin giltzarria
Prestakuntza-ibilbide honetan parte hartzen dutenek oinarrizko tresna kontzeptual eta aplikaziokoak jasoko dituzte, ezegonkortasuna ezaugarri duen helburu berehalako eta epe ertaineko bati aurre egiteko. Programak krisitik ateratzeko tokiko gobernuen zeregin nagusian jartzen du azpimarra, bai eta Agenda 2030aren bidez eraldaketa eta garapen jasangarriari ekarpena egitean ere, hiru dimentsiotan: ingurumenekoa, ekonomikoa eta soziala.
Halaber, Gobernantzako tokiko sistema bat eraikitzea proposatuko da, eraldaketa edo egokitzeko prozesuan pixkanaka laguntzeko, eta, aldi berean, erakunde publikoak gobernatu, kudeatu eta artikulatzeko moduan. Hori guztia, herritarrek zerbitzu hobeak eta garapen jasangarrirako helburuekin eta leheneratze, erresilientzia eta eraldaketako aurrekontuekin konpromiso erabatekoa dutenak izan ditzaten bermatzeko.