Eudel

Aurten, zuzendaritzako karguetarako prestakuntza-programa bereziak kudeaketa ekonomiko zein finantzarioa eta pertsonen zuzendaritza nahiz kudeaketa izango ditu helburu nagusi. Horrekin batera, gainera, EUDELek eta HAEEk harreman eta trukeetarako sare honen bigarren edizioa ere dinamiatuko dute berriro, parte-hartzaileen artean eskari handia izan du-eta.

Bilbon, 2013ko apirilaren 29an. Gaur goizean, EUDELek Bilbon daukan egoitzan aurkeztu da Tokiko Zuzendaritza Publikoaren Euskal Sareko Aldizkari Digitalaren II. edizioa. Komunikaziorako tresna horren bitartez, tokiko euskal erakundeetako zuzendaritzako langile guztien arteko harreman eta topaketarako foroa suspertuko da berriro. Gaur egun, ehunetik gora parte-hartzaile ditu sareak, zuzendari profesionalak, arloetako zuzendariak eta udaletako langile funtzionarioen taldeko beste goi-kargu batzuk kontuan hartuta.

EUDELeko Ibon Uribe Galdakaoko alkateak eta Maite Iruretagoiena HAEEko zuzendariak sarearen bigarren edizio honen aurkezpen ofiziala egin dute. Ibon Uriberen esanetan, sareak oso balio handia dauka, azken urteotan gero eta zeresan handiagoa daukan kudeaketa publikoko zuzendari berriak profesionalizatzeko orduan:

“Gure erakundeetako giza kapitala funtsezkoa da berrikuntza eta lehiakortasunaren hobekuntza sustatzeko orduan. Beraz, bere talentua, esperientzia eta profesionalizazioa bultzatzea gure bidaiae-orria izan behar da, elkarren artean harremana duten udal “sustatzaileak” eduki nahi izanez gero. Une honetan, krisi ekonomiko larri hau nagusi denean, hain zuzen ere, tokiko gobernuok etorkizuneko erronka handiari aurre egin behar izango diogu”.

Alde horretatik, sareko aldizkari elektronikoak Tokiko Zuzendaritza Publikoaren Euskal Sarea osatzen duten pertsona guztien ekarpenak, iritziak eta lankidetza hartuko ditu kontuan. Izan ere, oso tresna erabilgarria da, tokian tokiko gobernuetako zuzendaritza eta kudeaketa publikoa nola dauden jakiteko.

Hori dela eta, langile publiko guztientzat oso interesgarria eta gaurkotasun handikoa den aztergaia eta eztabaidagaia aukeratu da sarearen II. edizioaren aurkezpen honetarako: “Tokian tokiko eraldaketa: antolaeran, zuzendaritza publikoan eta tokian tokiko enplegu publikoan izango dituen eraginak”. Rafael Jiménez Asensiok, aholkulari instituzional eta tokian tokiko politikako adituak, egin du agerraldia.

Sarearen helburuak

– Euskadiko udaletako zuzendarien sareko lana, taldea bultzatzea.
– Parte-hartzaileen arteko komunikazio-loturak sortzea.
– Informazioa eta esperientziak trukatzeko eremu egonkorra sustatzea.
– Behar besteko bideak eskaintzea, tokian tokiko zuzendaritza publikoaren arazoak gizarteratzeko eta irtenbide bateratuak bilatzeko.

Geure tokian tokiko erakundeak indartzea eta tokian tokiko gobernuari aldaketara egokitzen laguntzea da azken helburua, herritarrei zerbitzu hobeak eman ahal izateko.

Prestakuntzaren osagarria

Aurten, EUDEL-HAEE prestakuntza-eskaintzaren barruan, bi programa berezi berri jarri dira abian kudeaketa ekonomiko eta finantzarioaren eta Euskadiko udaletako zuzendaritzako karguetako pertsonen zuzendaritza eta kudeaketaren arloan.

Tokiko Zuzendaritza Publikoaren ibilbideak EUDEL-HAEEko prestakuntza-planaren barruan daude kokatuta 2008. urteaz geroztik, eta, abian jarri zirenetik, 150etik gora lagunek parte hartu dute bertan.