Eudel
  • ‘Virginia Woolf Basqueskola’ tokiko hautetsien sareak webinar bat antolatu du uztailaren 3rako, “Feminismoa eta eraldaketa politikoak” gaiari buruz, Mari Luz Esteban antropologo feministaren eskutik.
  • EUDELeko ordezkari Angela Eguiak (Gordexolako alkatea) eta Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak irekiko dute jardunaldia, 16:30ean. Streaming bidez ikusi ahal izango da, webgune honetan: virginiawoolfbasqueskola.eus
  • Hitzaldiaren ondoren, lau udal hautetsik gidatutako solasaldia egingo da. Webinarrean izena ematen duten emakumezko alkate eta zinegotziek modu aktiboan parte hartu ahal izango dute, zoom plataformaren txataren bitartez galderak eta iruzkinak eginez.

Bilbao, 2020ko uztailaren 2a. UPV/EHUko gizarte antropologiako irakaslea, feminista, aktibista eta jardunaldi honi izenburua eman dion El feminismo y las transformaciones de la política liburuaren egilea den Mari Luz Esteban izango da ekimenaren hizlari nagusia. Gakoak emango ditu ondoren Euskadiko lau hautetsi hauek egingo duten solasaldirako: María Teresa Córdoba Fernández, Lapuebla de Labarcako alkatea; Pilar Legarra Cortajarena, Asteasuko alkatea; Paula Amieva Clemente, Getxoko zinegotzia, eta Idoia Inoriza Bustamante, Muskizko zinegotzia.

Nola eragiten dute mugimendu feministek politika instituzionalaren esparruan eta, zehazkiago, tokiko politikaren esparruan? Zer onura dakar mugimendu feministaren eta politika instituzionalean zuzenean parte hartzen duten emakumeen (alkateak, zinegotziak eta teknikariak) arteko harreman bizi eta aberasgarriak?  Gai horiek jarriko dira mahai gainean jardunaldian, besteak beste, eta gai nagusia izango da Euskadin mugimendu feministak azken hamarkadetan bizi izan dituen aldaketak eta horiek zer eragin izan duten politikaren esparruan.

EUDELek eta Emakundek 2012. urtetik sustatu duten Virginia Woolf Basqueskola espazioak aurrera jarraitzen du, Euskadiko emakumezko tokiko hautetsientzat interes handikoak diren gaien inguruko truke, analisi eta eztabaida espazioak antolatzeko lanean. Basqueskola sareak alkate eta zinegotzien lan politikoa babesten du, eta haiek ahalduntzen eta berdintasuneko tokiko politikak ezartzen laguntzen du. Basqueskola espazio parte-hartzaile eta plurala da; aliantzak sortzen ditu Euskadiko udaletan ikuspegi politiko guztietako hautetsien artean, hala gobernuko nola oposizioko hautetsien artean.

Informazioa guztia, hemen: www.virginiawoolfbasqueskola.eus

@basqueskola               basqueskola@eudel.eus

Hizlaria:

Mari Luz Esteban. Medikuntzan lizentziaduna eta gizarte antropologian doktorea. Familia plangintzako mediku gisa egin zuen lan 1984tik 1996ra arte. 1994tik gizarte antropologiako klaseak eman izan ditu Leóngo Unibertsitatean lehenengo, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (UPNA-NUP) ondoren, eta, gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV-EHU). Aditua da antropologia feministan, baita REDAMeko (Medikuntzaren Antropologiaren Latindar Sarea) kidea ere. Bere ikerketek ardatz dituzte Medikuntzaren Antropologiaren esparrua, Antropologia Feminista, eta Gorputzaren eta Emozioen Antropologia. 1980. urtetik, ekimen eta elkarte feminista ugaritan parte hartu izan du: Bizkaia Emakume Asanbladaren kide izan zen, baita Mendekotasunari Arreta eskaintzeko Euskal Sistema Publikoaren aldeko Plataformako kidea ere. Gaur egun, Basauriko Emakumeen Taldeko (Bizkaia) eta Marienea Elkarteko (Basauriko Emakumeen Etxea) kidea da; lehenengo horretan, bere unibertsitate garaitik da kidea. Liburu ugari idatzi ditu; hauxe da azkena: El feminismo y las transformaciones de la política; hain zuzen, hori hartu da erreferentziatzat jardunaldi hau antolatzeko.