Eudel

Vitoria-Gasteizen, 2016ko ekainaren 2an. Imanol Landa Getxoko alkateak, EUDELen elkarteburu moduan, eta Maite Etxebarria Abanto-Zierbenako alkateak, EUSKAL FONDOAren presidente moduan, azken agurra eman nahi izan diote Mohamed Abdelaziz liderrari. Horregatik, gaur goizean Gasteizera etorri dira biak, Euskadiko Saharako Ordezkaritzaren eta SEADen Lagunak elkartearen ekimenez atzodanik Florida Parkeko Kultur Etxean herritarren eskura dagoen Doluminen Liburuan sinatzera.

Modu horretara, doluminak eman dizkiote, Euskadiko Udalen izenean, Saharako herri osoari; izan ere, betidanik izan da solidaritatean eta adiskidetasunean oinarritutako harreman berezia bi herrien artean, eta, horri esker, lotura estua lortu da Euskadi eta Sahararen artean.

 

EUDELen eta EUSKAL FONDOAren ordezkariek “askatasunaren eta bere herriaren eskubideen aldeko borrokalari nekaezin gisa” aintzatetsi dute Abdelaziz, bai eta “duintasunasunaren eta justizia unibertsalaren defendatzaile gisa ere”. Biek goraipatu dute “elkarrizketaren eta gatazkari konponbide baketsua bilatzearen alde Fronte Polisarioko lider historikoak izandako konpromisoa”.

Joan den asteartean, maiatzaren 31n, gaixotasun luze baten ostean hil zen Mohamed Abdelaziz, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko (SEAD) presidentea eta Fronte Polisarioko idazkari nagusia 1976. urteaz geroztik. Iaz Bakearen aldeko Gernika Saria jaso zuen, Giza Eskubideen defentsan eta Saharako bake prozesuaren alde egindako lanagatik.