Eudel
  • Gaur goizean Bilbon izandako bileran, udalen ordezkariek lehen eskuko informazioa jaso dute finantza-inklusioaren arloan banketxeak aurreikusitako ekintzei buruz.

2022ko martxoaren 2an. Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburua, eta Jose Antonio Santano elkarteburuordea, Gregorio Villalabeitia Kutxabankeko presidentearekin eta zuzendaritzako beste kide batzuekin bildu dira gaur goizean, bankuak Bilbon duen egoitza nagusian. Euskal udalen ordezkariak pozik agertu dira erakundeko arduradunengandik lehen eskutik jasotako informazioagatik. Kutxabankek Euskadiko udalerrietan modu homogeneoan aplikatzen hasi den ekintza-plan zehatzaren berri eman dio EUDELi.

Gorka Urtaran, EUDELeko elkarteburuaren, adierazpenak

Banketxea eta udalen ordezkariek beren konpromiso partekatua egiaztatu ahal izan dute bileran, euskal gizartearen kezkei eta eskaerei arin eta eraginkortasunez erantzuteko eta adineko pertsonei eta beste kolektibo ahul batzuei lehentasunezko arreta emateko. Zehazki, konpromiso hauek jakinarazi dizkio Kutxabankek EUDELi:

1.-Aurrez aurreko arreta bermatzea. Martxoaren 15etik aurrera, Kutxabankek bulegoetako arreta berreskuratuko du, goizeko 8:00etatik eguerdiko 14:00etara.

Gainera, erakundeak EUDELi jakinarazi dio telefono bidezko arreta-zerbitzua duela, goizeko 8:00etatik gaueko 22:00etara. Adineko pertsonei ematen zaie lehentasuna, arreta pertsonalizatua eta itxaronaldirik gabekoa eskaintzeko.

2.-Banku-azpiegiturak mantentzea lehendik ere bazituzten Euskadiko udalerrietan. Horrela, bulego eta kutxazainetarako sarbidea ematen zaie  bizilagunei, eta dirua eskudirutan, ohiko eran, jaso ahal izango dute.

3.-Gaitasun digitalei buruzko prestakuntza eskaintzea Kutxabanken bidez, baita EUDELen bidez ere, Euskadiko udalekin elkarlanean. Helburua da prestakuntza-ikastaroak Euskadiko udalerri guztietara zabaltzea, eta euskal herritar guztiek prestakuntza-aukera berberak izan ditzaten lortzea.

Gaurko bilera lehenengo urratsa da EUDELek datozen egunetan EAEn ezarpenik handiena duten gainerako finantza-erakundeekin jarraituko duen bilera-txandetan. Hurrengo hitzordua martxoaren 8an izango da, Laboral Kutxarekin; eta martxoaren 9an, BBVA eta Caixabankekin.