- EUDELen eta Foru Aldundiaren lankidetza hitzarmenari esker, Bizkaiko 5 udalek proba pilotu bat egin ahal izan dute, udal ekonomiaren eta aurrekontuen inguruko informazioari buruzko 80 adierazlerekin.
- Europako Kontseiluko hainbat aditu proiektua gainbegiratzen ari dira; egunotan, Bilbon daude, proiektuaren nondik norakoen berri izateko, EUDELen eta parte hartzen duten udalen eskutik.
- Tresna proba aldian dago oraindik ere; eta Europako Kontseiluaren metodologian oinarrituta, Euskadiko udalentzat egindako egokitzapena da.
Bilbon, 2015eko urriaren 27an. Gaur, lan jardunaldia egiten ari dira EUDELen egoitzan, Europako Kontseiluko adituen eta Galdakao, Ermua, Basauri, Getxo eta Bilboko udalen artean, finantza-baliabideen eta finantza eta aurrekontu kudeaketaren prozedurei buruzko adierazleen tresna berriaren proba-prozesua (pilotu fasea) aztertzeko.
Udalen ordezkari gisa, bertan izan dira Galdakaoko alkate Ibon Uribe, eta Basauri, Ermua, Getxo eta Bilboko ordezkari politikoak. Ibone Bengoetxeak, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak, ireki du jardunaldia, Jesus García Larraganekin, Saileko zuzendariarekin, batera.
Euskadiko udalentzako tresna berri honek Europako Kontseiluaren bermea du. Izan ere, adierazleak prestatzen lagundu du, Europako ‘Toolkit Local Finance Benchmarking‘ (tokiko finantzak erkatzeko ebaluazio-tresna) izeneko adierazle-metodologia eredu gisa eskainiz.