- Atzo eta gaur, EUDELeko elkarteburuak Oslon parte hartu du CEMReko liderren goi-bileran, gaur egungo egoera geopolitiko zailean tokiko gobernuek dituzten erronka sozialak eta klimatikoak aztertzeko.
- Esther Apraizek aliantza europar horretan hausnarketa irekitzea proposatu du, tokian tokiko hautetsien lana babesteko asmoz: “herritarrengandik hurbilen gaudenak gara, baita demokraziaren oinarria ere”.
2025eko ekainaren 24an. EUDELeko elkarteburua eta Derioko alkatea den Esther Apraizek ekainaren 23an eta 24an Oslo hirian egindako Europako udalen urteko batzarrean parte hartu du. Apraiz Euskadiko udalen ordezkaria da Europako Udalen eta Eskualdeen Kontseiluko (CEMR) Batzorde Politikoan. Erakunde horretan, hain zuzen ere, kontinente osoko tokiko gobernuetako elkarteak biltzen dira. EUDELek bete-betean lan egiten du aliantza horren barruan, EBko instituzioen aurrean tokiko interesak defendatzeko, eta, batez ere, Euskadiko udalen ahotsa zein esperientzia Europara eramateko, haien bereizgarritasuna eta berariazko errealitatea kontuan hartuta.
Egunotan, Norvegiako hiriburuan, 41 herrialdetako 150 ordezkari hautetsi batzartu dira gutxi gorabehera, munduko gaur egungo testuinguru geopolitikoan premiazkoenak diren erronkak arakatzeko. Izan ere, honako hauexek dira, besteak beste: ordena globaleko aldaketen aurrean demokrazia bera tokian-tokian defendatzea, Europako funtsak lurraldeetako zein udalerrietako errealitatera egokitzea, iragaitza demografikoa nahiz migrazioaren kudeaketa sustatzea, administrazioak digitalizatzea, baliabideak eraginkortasunez zein jasangarritasunez kudeatzea edo/eta Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Ituna bultzatzea.
Ekitaldia une erabakigarrian garatu da, Europako tokiko eta eskualdeko erakundeen zeregina sendotzeko, herritarrengandik hurbilen dauden gobernu-mailak direla kontuan hartuta. EUDELeko elkarteburuak nabarmendu duenez, “EBko politikek udalerrietan eta lurraldeetan dute eragin zuzenena. Besteak beste, kohesioko, berdintasuneko eta bizitza osasungarriko eremuen sustapena, egokitzapen klimatikorako eta aurrezki energetikorako neurrien ezarpena, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua edo/eta ekonomia zirkularra kontuan hartuta, tokiko gobernuok lehenengo lerroan gaude erronka globalei erantzuteko orduan”.
Demokraziak jasandako mehatxuei buruzko eztabaida politikoa
Goi-bilerako buruak Osloko alkatea, Anne Lindboe, eta CEMReko presidentea, Gunn Marit Helgessen, izan dira, eta, eztabaida politiko nagusian, nazioarteko egoera geopolitiko zaila eta horrek munduko ordena berrian demokrazien egonkortasunerako eta Europako lehiakortasunerako dakartzan arriskuak aztertu dira.
CEMReko eztabaidan adierazi dutenez, desinformazioa eta polarizazioa areagotzean, instituzioen gaineko presioa larriagotzen ari da, baita tokian-tokian ere. Hori dela eta, gero eta zailagoa da udal-politikara lider berriak erakartzea. Apraiz elkarteburuak azaldu duenez, gai hori EUDELentzat ere bada kezkagarria, ”tokiko hautetsiok demokraziaren oinarria” garelako. Alde horretatik, Derioko alkatea ere badenak CEMRen bertan “hausnarketarako eremua” irekitzea proposatu die Europako kideei. Horrela, ustezko mehatxuak aztertuko dira, eta “instituzio demokratikoak indartuko dira, alkateen zein zinegotzien lana babesteko, eta, horrela, herritarren eskubideak ere babesteko, ziurgabetasuna nagusi denean, batez ere”.
Osloko goi-bileran, EBko finantzaketa-aukerak tokiko premietara egokitzea ere izan dute eztabaidagai. Bertan azaldu dutenez, ahalik eta onura handiena atera behar zaio eskualdeko gobernuek hiri-garapen jasangarria bultzatzeko duten ahalmenari. EUDELeko elkarteburuaren esanetan, “udalentzako agenda europar berrian, finantzaketa-aukerak erraztu eta tokiko premietara egokitu behar dira. Hori lortzeko, orientazioa argiagoa izan behar da, oztopo administratiboak murriztu behar dira eta babes-esparrua koherenteagoa eta asmo handikoagoa izan behar da, eskuratzeko aukera berdintasunezkoa dela bermatzeko, udal txikiagoentzat, batez ere”.