Eudel

2025eko abenduaren 2an.- EUDELeko elkarteburua, Esther Apraiz, Euskadiko udalen ordezkaria izango da abenduaren 4an eta 5ean, Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko (CEMR) Tokiko eta Eskualdeko Liderren Goi Bileran. Euskadiko Udalen Elkartea Europako erakunde horretako kidea da, eta Maltan bilduko da “Europako testuinguruan iragaitza demografikoak, tentsio geopolitikoak eta udalerrietan zein lurraldeen inbertitzeko aukera berriak nagusi direnean”, CEMRk azaldu duenez.

Goi Bilerako mugarri nagusia 2026-2028ko agintaldirako CEMRko lidergo politikoa berritzea izango da (presidentea, presidenteordeak eta bozeramaile sektorialak barne), eta Apraizek prozesu horretan parte hartuko du botoarekin, erakundeko zuzendaritza-batzordeko kidea baita.

EUDELeko elkarteburuak nabarmendu duenez, udalek herritarrek instituzioetan duten konfiantza indartzeko “funtsezko zeregina” daukate, totalitarismoaren, polarizazioaren eta desinformazioaren gorakadaren aurrean. “Europako demokraziak udalak ditu oinarri. Eraldaketa sozial handiak egiteko, tokiko gobernuek indarra izan behar dute, baita erabakitzeko eta herritarrei bete-betean entzuteko gaitasuna ere”. Horrez gain, Euskadiko udalek gobernu onaren, kohesio sozialaren eta partaidetza komunitarioaren arloan duten esperientzia CEMRa eramateko aukera ere badela azpimarratu du.

Goi Bileran, ia-ia 150 ordezkari hautetsi elkartuko dira, hirientzako premiazko eta antzeko erronkak arakatzeko asmoz: tokian tokiko demokraziaren defentsa, udalek Europako aurrekontuko etorkizuneko lehentasunen diseinuan duten zeregina, iragaitza demografikoa zein migrazioaren kudeaketa, administrazioetan arintasuna nahiz eraginkortasuna bultzatzeko prozesua edo Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Ituna, besteak beste.

Gai horiek eztabaidarako panelen eta “laborategi” berriaren bidez egituratuko dira, gune berri horren helburua Europako hirien arteko lankidetzarako proposamenak eta proiektuak sustatzea dela kontuan hartuta.

Udalek Europan duten ahotsa

Europako Udalen eta Eskualdeen Kontseilua (CEMR) udalerriak eta eskualdeak ordezkatzen dituen erakunde europar handiena da, 41 herrialdetako 130.000 toki-erakunde baino gehiago elkartzen baititu. Hain zuzen ere, tokian tokiko autonomia defendatzea eta Europan kohesioa nahiz demokrazia sustatzea dauka xede.

Goi Bilerako programa: https://ccre-cemr.org/leaders-summit