Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 7a. EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak eta Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Sailak udal-eskumeneko gizarte-zerbitzuen eskumenak eskuordetzeko eta kudeatzeko mandatua emateko esparru-hitzarmena aurkeztu diete gaur udal ordezkariei. Hitzarmena tresna juridiko integrala da, Araban dagoeneko ematen ari diren zerbitzu horiek ordenatzeko eta segurtasun juridikoa emateko helburua duena.
Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak eta Gorka Urtaran Gizarte Politiketako foru diputatuak esparru-hitzarmen hau lortzea ahalbidetu duten erakundeen arteko lankidetza eta udalen arteko adostasuna goretsi dituzte. Biek eskertu dute EUDELeko Arabako Lurralde Batzordeko alkateen parte-hartzea, dokumentuak gainbegiratzeko eta egiteko prozesuan ekarpenak egiteko ardura izan baitute. Asparrenako, Gaubeako, Iruña Okako eta Kanpezuko alkateek, tokiko sentsibilitate ezberdinen ordezkari gisa, prozesuaren balorazioa egin dute.
Esther Apraiz elkarteburuak Aldundiaren eta Arabako alkateen arteko “lan kolektibo, iraunkor eta zorrotza” nabarmendu du. Eta azpimarratu du helburu nagusia dela Arabako herritarrek gizarte-zerbitzuetarako duten eskubide subjektiboa, Gizarte Zerbitzuen Legean eta Gizarte Prestazio eta Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuan aitortutakoa, bermatzea. Apraizek azaldu duenez, esparru juridiko horrek aukera ematen du zerbitzuak kalitate eta gertutasun berarekin ematen jarraitzeko, eta etorkizunera begirako ikuspegi estrategiko batekin. “Esparrua ez da mugiezina, gaur egungoarekin eta indarrean dagoen araudiarekin bat dator, baina gizartearekin batera eboluzionatu beharko du, gure komunitateen etorkizuneko erronkei eta beharrei erantzuteko”, adierazi du.
Hitzarmena, zerbitzu bakoitzera sartzeko arautegiekin eta Udal Ordenantza Fiskalaren ereduarekin batera, Lurralde Historikoko udalerri guztiei bidaliko zaie, udal bakoitzak osoko bilkurara eraman dezan, 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen onartzeko, egun horretan sartuko baita indarrean.
Horrez gain, Gobernu eta Koordinazio Batzorde bat sortuko da, udal eta foru partaidetzarekin, jarraipena egin eta etengabe hobetzeko.
Akordio honek 2016an behin-behineko akordio batekin eta 2018an Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren erregulazioarekin hasitako hamarkada bat burutuko du, beste zerbitzu batzuetara zabalduz, hala nola Eguneko Arretarako Landa Zentroetara, etxebizitza komunitarioetara eta esku-hartze sozioedukatibo eta psikosozialeko zerbitzuetara.