Eudel

2023ko azaroak 21. EUDELek ordezkari politikoentzat duen “Udalak Abian” prestakuntza-ibilbidearen esparruan, on line mintegi bat egin da gaur goizean, berdintasuna bultzatzeko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko mailako azken berrikuntzak ezagutarazteko.

Burgeluko alkate eta EUDELeko Batzorde Eragileko kide Nati Lopez de Munainek jarri du abian saioa, 09:00etan, eta ia laurogeita hamar alkatek eta hainbat zinegotzik parte hartu dute. “Zalantzarik gabe, berdintasuna eta indarkeria matxistaren aurkako borroka tokiko gobernuen lehentasuna dira. Agintaldi honetan, euskal udalok kalitatezko estandar gorenekin bat datozen berdintasunerako tokiko politikak zabaltzeko ardura hartu dugu, politika publiko aurreratuenekin bat etorriz.”

Hain zuzen ere, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendari nagusiaren hasierako hitzaldiaren ardatza “Berdintasunerako toki-politiken kalitatea politika publikoen estandarretatik” izan da, Berdintasunerako Euskal Legea aldatu zenetik udalei bideraturako agindu nagusiak barne hartuta.

Emakundeko zuzendariak, bere azalpenean, estrategia bikoitza eta hainbat ekintza proposatu ditu berdintasunaren aldeko tokiko lanari eusten jarraitzeko: berdintasuna bultzatzeko arloak eta egiturak indartzea (plangintza, aurrekontua, parte-hartzea eta langile espezializatuak), eta, aldi berean, genero-mainstreaminga indartzea udal-politiken hedapenean (genero-eragina tokiko politiketan, genero-ikuspegia duten aurrekontuak, berdintasun-klausulak kontratuetan eta dirulaguntzetan, zaintza-eredu feminista eta erantzunkidea, besteak beste).

Ondoren, Zuriñe Romeo EDE Fundazioko adituak eta Eukene de Miguel EUDELeko arduradun teknikoak hitz egin dute. Lehen txostengileak emakumeen aurkako indarkeriaren forma eta eremu berriak azaldu ditu, eta horiei aurre egiteko gako batzuk eman ditu, bai ikuspegi politikotik, bai teknikotik. Koordinaziorako tokiko protokoloak eguneratzearen garrantzia azpimarratu du Romeok, biktimen/bizirik atera direnen prebentzioa, arreta eta konponketa integratuta.

Bestalde, EUDELeko arduradun teknikoak euskal udalentzako talde-lanerako eta trukerako guneak aurkeztu ditu: “Virginia Woolf Basqueskola”, Euskadiko alkate eta zinegotzi emakumezkoen sarea; berdintasunaren aldeko konpromisoa duten udalen “Berdinsarea”; eta “Gizonduz” programa, politikari gizonezkoekin batera berdintasunaren alde lan egitera bideratua.

Mintegia osatzeko, Andoaingo, Basauriko, Tolosako eta Aiarako/Aiaraldeko udalen bi esperientzia panel jarri dira. Haizea Barandiaran (Andoain), Isabel Cadaval (Basauri) eta Goiuri Ezeiza (Tolosa) Berdintasun zinegotziak izan dituzte ordezkari, Encina Castresana Aiarako Kuadrillako presidentearekin batera.

Udalerri horiek Berdinsarea sarearen parte dira, eta erreferentzia dira indarkeria matxistaren aurkako borrokan egindako praktika aurreratuenengatik eta udal politiketan genero-ikuspegia aplikatzeagatik.