Gorka Urtaran, EUDELeko elkarteburua, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Sailarekin batera antolatutako Iruzurraren aurkako Neurrien Planari buruzko webinar-ikastaroren irekieran mintzatu da gaur. Plan hori exijitzen zaie Next Generationetik datozen europar laguntzak kudeatuko dituzten erakunde eta organismo guztiei. Laurogei pertsonak baino gehiagok –gaiarekin zerikusia duten udal-arduradun eta langileek– hartu dute parte, telematikoki, EUDELen egoitzatik deitutako saioan.
Gorka Urtaranek azpimarratu du Europako ezohiko funtsek “aukera” dakartela Euskadiren eraldaketa jasangarri eta erresilientean aurrera egiteko, bertako herri eta hiriak hobetuz. EUDELeko elkarteburuak Eusko Jaurlaritzaren lankidetza eskertu du, eta, zehazki, elkarteari ematen ari zaion zerbitzua, euskal udalak “informatzeko eta orientatzeko” xedea duena, haiek ahalik eta Europako deialdi gehienetara iritsi ahal izateko. Horrekin batera, dokumentu-ereduak ematen zaizkie, Next Generationen “eskakizun zorrotzak” bete ahal izan ditzaten, eta ezohiko funts horien izapide administratiboak eta betearazpenari dagozkionak arindu ditzaten.
Gorka Urtaranek euskal udalei emandako europar funtsen laguntzei buruzko azken datuak eman ditu: 114 milioi
euro, ehun euskal udalentzat baino gehiagorentzat. EUDELeko elkarteburuak adierazi duenez, aurreikusten da zenbateko hori hazi egingo dela hurrengo hilabeteetan, martxan dauden deialdiak ebatzi edo beste laguntza-programa batzuk sustatu ahala.
Ikastaroko hizlari nagusiak, Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuorde Iñaki Barredok, xehe azaldu du Eusko Jaurlaritzak egindako Iruzurraren aurkako Planaren edukia. Beraien udal-egoera espezifikora egokitutako plana lantzeko kontuan izan behar dituzten neurri eta alderdi garrantzitsuenen berri eman die Barredok udal-arduradunei, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko (SEM) Europako eta Estatuko araudiaren eskakizunekin bat egiteko xedez (HFP/1030/2021 Agindua, irailaren 29koa).
Eusko Jaurlaritzaren lankidetza hori EUDEL Next EU! (https://next.eudel.eus/eus/) zerbitzuaren barruan EUDELek sortu dituen materialen osagarri da. Horien artean, kontratazio-gidaliburu bat eta 22 kontratu-eredu daude, baita Next Generationen metodologiari egokitutako zenbait prozedura ere.
EUDELen zerbitzua bostehun kontakturi baino gehiagori zuzentzen zaie, eta toki-erakundeentzako 31 europar laguntza –zerbitzu publikoen alorrekoak, eta eraldaketa sozial, digital eta ingurumen-arloko eraldaketa-proiektuei dagozkionak– aztertu, eta horien berri eman die udalei: emisio baxuko eremuak, energia-efizientzia, eraikin publikoen birgaitzea, saneamendua eta ur-hornidura, merkataritza eta udal-merkatuak, jasangarritasun turistikoko planak, tokiko enplegua eta garapena, eraldaketa digitala, etab.
Lotutako albistea: EUDEL eta Eusko Jaurlaritza elkarlanean ari dira Europako funtsak udaletan gauzatzea bizkortzeko