Eudel

“Esparru estrategiko eta laguntza tresnak udalerrietan GJHen kokapena bizkortzeko”gidan hamar bat baliabide proposatzen dira udalerrietan GJHak aplikatzeko. Udal bakoitzak zein laguntza mota eta hura bere tokiko errealitatera nola egokitu nahi duen erabakiko du.

Esther Apraiz, EUDELeko Elkarteburua: “2030 Agenda gizarte- eta lurralde-kohesiorako tresna baliotsua da, pertsonak gure ekintza politikoaren erdigunean kokatzen laguntzen baitigu”

Jonan Fernandez, Euskadiko 2030 Agendako idazkari nagusia: “2030 Agendak GJHak instituzionalizatzeko, sozializatzeko eta pertsonalizatzeko konpromiso handiagoa behar du”.

2023ko urriaren 3a. Euskadiko 2030 Agendaren esparruan, EUDELek eta Eusko Jaurlaritzak udalei laguntzeko lan-tresna multzo bat aurkeztu dute gaur goizean, elkarrekin eta koordinatuta aurrera egin dezaten Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko bidean. Baliabide guztiak maila anitzeko gobernantzaren euskal sistemaren barruan daude, lurraldeko erakunde eta eragileen arteko lankidetzarako.

Udal ordezkariekin bilera Bilbon egin da, Nazio Batuek 2030 Tokiko Koalizioaren Idazkaritza berria barne hartzeko aukeratu duten egoitzan. Herrialdeak garapen jasangarri, bidezko eta inklusiboago baten aldeko aliantza globalarekin duen konpromisoa nazioartean hedatzeko plataforma da.

Aldaketa eta ziurgabetasun handiko garai honetan, bi erakundeak bat datoz 2023-2027 agintaldia “herrietan eta hirietan GJHen kokapena bizkortzeko” aukera bat dela eta tokiko gobernuek “funtsezko zeregina” dutela beharrezko eraldaketa sozial-demografiko, digital eta ekologikoetan laguntza emateko.

Modu bateratuan aurkeztutako GJHetarako lan-tresnek planetaren erronka handiei erantzun nahi diete, adibidez, emakumeen eta gizonen berdintasunari edo klima-egokitzapenari. Baina, era berean, tokiko erakundeak etorkizuneko krisien aurrean indartsuagoak eta erresilienteagoak izan daitezen “argi gidari” bat dira.

Parte-hartzea, kontuak ematea, aliantzak eta lankidetza funtsezko ardatzak dira udalek baliabide horiek eraginkortasunez eta efizientziaz erabil ditzaten.

Bere hitzaldian, EUDELeko Elkarteburu eta Derioko alkate denak, Euskadiko Agendak, bere berezitasunetik, proposatzen duen lan kolektiboarekin bat egiteko eta udal errealitate ezberdinetara egokitzeko deia egin die bere parekideei.

Esther Apraizek esan duenez, “ez gara hutsetik abiatzen”, eta euskal udalerrien esperientzia eta ibilbidea, beraien tokiko agendak bultzatuz, balioetsi ditu, hala nola, Hiri Agendak edo beste tresna batzuk. EUDELek ematen duen zerbitzutik, Apraizek hau adierazi du: ”Hurrengo lau urteotan, lan egingo dugu udal gehiago has daitezen garapen jasangarrirako helburuak udal-gobernuan eta -kudeaketan txertatzen, eta, hartara, horiek herritarrengana hurbiltzen lagun dezaten”.

Era berean, udaletako arduradunek egiten duten sentsibilizazio-lana azpimarratu du, bizilagunengandik gertu baitaude. Eta honako hau nabarmendu du: “GJHak soilik  gauza daitezke herritar bakoitzak ulertzen eta bere gain hartzen baditu, hau da, gure eguneroko bizitzan praktikan jartzen baditugu. Erronka eta eraldaketa handiek ekintza txiki askoren batura behar dute”.

Jonan Fernandezek, Trantsizio Sozialerako eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak, New Yorken joan den irailean egin zen Nazio Batuen GJHen goi-bileran aurkeztu zuen proposamenaren berri eman du: “Gobernuetatik GJHak sutsuago instituzionalizatzeko eta sozializatzeko proposamena”.

Instituzionalizazio handiagoari dagokionez, GJHen garapen exekutiboa konprometituko duten eta gu konprometituko gaituen lau gobernantza-azpiegitura eratzea proposatu du: lehenengoa, GJHen arloko gobernu-ekintzaren zeharkako koordinaziorako eta zuzendaritzarako organo betearazle bat sortzea; bigarrena, printzipioak, irizpideak, helburuak, egutegia eta jarduera-plana zehaztuko dituen plangintza-exekutiboko dokumentu bat izatea; hirugarrena, ebaluatzeko tresna eraginkorrak prestatzea: adierazleen panela eta urteko jarraipen-txostenak egitea; eta, laugarrena, erakundeen eta gizartearen arteko gobernantza- eta lankidetza-egitura bat eratzea.

Gizarteratze handiagoari dagokionez, 2030 Agenda kontratu sozial berri gisa aurkeztea planteatu du, eta gobernuek GJHei buruzko sustapen-programak bultzatzea: informazio-kanpainak, ikastaroak, gidak edo tresna didaktikoak.

Udalerrira egokitzen diren lan-tresnak

Euskadiko Udalen Elkartearen eta Lehendakaritzaren arteko lankidetza-hitzarmenari jarraiki, 2021. urtetik hona, hainbat lan-tresna prestatu dira udalek Euskadiko 2030 Agendan aktiboki parte hartzeko. Ekintza batzuk EUDELek sustatzen ditu udalerriekin batera, eta beste batzuk Eragile Anitzeko Foroko erakunde guztien arteko lankidetzaren emaitza dira.

Orain arteko baliabide aktibo guztiak (proiektuak, programak edo materialak) dokumentu bakar batean antolatu eta multzokatu dira, “tresna-kutxa” gisa. Bertan, udal bakoitzak laguntza mota aukeratu eta bere ibilbide propioa egin dezake. Lan-tresna guztiek udal-autonomiarekiko proposamen- eta errespetuzko- izaera dute.

Horregatik, EUDELek tresna horiek erabiltzera animatzen ditu udalerriak, tokiko errealitatera eta berariazko beharretara egokituz.

Gainera, EUDELek bultzatutako ekimenak udalekin aztertu dira, proiektu pilotuen bidez edo haien ekarpenak bilduz. Horien artean, nabarmentzekoak dira ELoGE Europako Gobernantzaren Bikaintasunaren Zigilua, edo 2030 Agendari udalek egindako ekarpenez osatutako 15 proiektu bultzatzaileak, udalerrien sareen bidez koordinatu direnak eta aurrerapenak sustatzen dituztenak tokiko politika hauetan: berdintasuna, lankidetza, gizarte-zerbitzuak, adinekoak, kirola, jasangarritasuna eta ingurumena, eraldaketa digitala edo tokiko garapena.

Berrikiago, EUDELek lan-tresna aitzindari bat prestatu du, estatu mailan, udal-aurrekontuak GJHekin lerrokatzeko. Leioako Udala bere udal aurrekontuaren lerrokatzea aplikatzen lehenetarikoa izan da, eta, horren berri emateko, Eider Sarria udal kontu-hartzailea gonbidatua izan da jardunaldira.

Topaketan, Javier Cortések ere parte hartu du. Nazioarteko aditua da 2030 Agenda GLOBALean eta aliantza publiko-pribatuen eraikuntzan. Cortések udalei azaldu die zer onura dakarzkien garapen jasangarrirako helburuek udal politika eta kudeaketaren hobekuntzan txertatzean.

Informazio gehiago:

Dokumentua: “Esparru estrategiko eta laguntza tresnak udalerrietan GJHen kokapena bizkortzeko”

2030 AGENDA TOKIKO APLIKAZIORAKO LAGUNTZA-TRESNAK:

Udaletan erabiltzeko:

Beste erakunde batzuetan erabiltzeko: gizarte-erakundeak, enpresak, herritarrak: