Eudel
  • Batez ere, udalerriko txakurrei, katuei, hudoei eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliei aplikatzen zaie, bertan erroldatuta egon ala ez, eta titularren bizilekua edozein izanda ere.
  • Tokiko arau berriak 9/22 eta 7/23 legeen ondorioz udalek dituzten eskumenak garatzen ditu, hala nola, identifikazioa eta erregistroa, espazio publikoetako bizikidetza, hilotzak jaso eta desagerraraztea edo zaintza eta ikuskaritza.
  • Berrikuntza garrantzitsu bat katu-kolonien kudeaketa da. Hemendik aurrera, udalak izango dira katu komunitarioen populazio-kontrolaren arduradunak (CER metodoa)
  • Zehapenak 100 eurotik (arau-hauste arinen kasuan) 100.000 eurora (oso larrien kasuan) bitartekoak izan daitezke.

Esther Apraiz, animalien ordenantza

2024ko ekainaren 14a. Batzorde Eragileak onartu ondoren, EUDELek euskal udalen esku jarri du etxeko animaliak babesteko 9/2022 legean eta animalien eskubideak eta ongizatea babesteko 7/2023 legean jasotako udal-eskumenak zehaztu eta garatzen dituen ordenantza.

Ordenantza hau hiru lurraldeetako udalek osatutako talde tekniko baten urte eta erdiko lanaren ondorioa da. Dokumentuak, guztira, 47 artikulu ditu eta, horien artean, arriskutsuak gerta daitezkeen animaliei buruzko xedapen espezifikoak daude.

EUDELen baliabide guztiak bezala, ordenantza berri hau gomendioa da eta, udal-autonomia errespetutik, udalerriaren errealitate espezifikora egokitu ahal izango da, udal bakoitzak erabakitzen duen egokitzapenaren bidez, hala badagokio.

Testuaren hasieran jasotzen denez, Ordenantzaren xedea da “udalerrian dauden etxeko animalien babesa, ongizatea eta edukitza arduratsua bermatzeko araubide juridikoa ezartzea, bertan erroldatuta edo erregistratuta egon edo ez, eta horien titular edo arduradunen bizilekua edozein izanda ere”.

Ordenantzaren aplikazio-eremua etxeko animaliak dira, batez ere txakurrak, katuak eta hudoak, baita animalia laguntzaile (artzain txakurrak, erreskatekoak…) eta exotikoak ere. Beren araudiari lotua egoteagatik eta beste administrazio batzuen eskumena izateagatik, honako jarduera hauek kanpoan geratzen dira: ehiza, arrantza eta abeltzaintza, izurriteen kontrola, etxeko animalien merkataritza eta salmenta, gune zoologikoak, tauromakia eta etxeko animaliekin egiten diren ikuskizun publikoak edo jolas jarduerak.

Betebehar eta eskumen zabalagoak

Arau-dokumentu berri hau EUDELen bitartez landu zen eta 2006tik indarrean dagoen ordenantza eguneratzera dator. Azken bi lege autonomiko eta estatukoek animalien jabeen betebeharrak eta debekuak areagotu dituzte. Ondorioz, udalek eskumen handiagoak dituzte animalien ongizateari buruzko araudi berria kontrolatzeko eta zaintzeko.

Ordenantzak zehatz-mehatz garatzen ditu udal-erantzukizunak, hala nola, txakurrentzako aisialdirako guneak edo animaliak establezimendu eta garraioetara sartzeko arauak. Udalen eskumen berrien artean, nabarmentzekoak dira katu-koloniak kudeatzea eta katu komunitarioak kontrolatzea, edo bide publikoan bildutako animaliak aldi baterako zaintzarako udal-zentro bat edo zentro itundu bat izatea.

Esther Apraiz EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkateak azaldu duenez, “udalok eremu publikoa arautzeko ardura dugu, baita pertsonen eta etxeko animalien arteko bizikidetza-ingurune gisa ere. EUDELen Ordenantza tresna komuna da euskal udalok gure udalerrietan animalien zaintza eta ongizatea kontrolatu eta sustatu ahal izateko, segurtasun eta osasun publikoko berme guztiekin eta auzo-gatazkak saihestuz “.

Apraizek nabarmendu duenez, udal ordenantza honek jauzi kualitatiboa dakar, animalien ongizatearen kontzeptua barneratu baitu eta izaki bizidun “sentikor” gisa aitortzen baititu. “Ordenantza honek animalien edukitza arduratsua arautuko duten betebeharrak eta debekuak ezartzen ditu, izaki sentikorrak diren errespetutik; gizarte aurreratu batean onartezinak diren portaerak saihesteko, hala nola, tratu txarrak edo abandonua”.

Arau-husteak eta zehapenak

  • Arau-hauste arinak: ohartarazpena edo 100 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna

Adibidez: mina, beldurra edo estresa eragitea; eskualdaketa aurretik txakurrak eta katuak ez esterilizatzea; behar ez bezala garraiatzea (6. art.); albaitaritza-tratamendurik ez ematea; ankerkeria-eszenak filmatzea edo argazkiak ateratzea; bide publikotik gorozkiak ez kentzea edo fatxadetako eta hiri-altzarietako pixak ez garbitzea; janaria baimenik gabeko espazioetan uztea…

  • Arau-hauste larriak: 3.001 eurotik 10.000 eurora bitarteko isuna

Adibidez: lesioak eragitea; tratu laidogarria; publizitate-helburua dituzten zozketak edo dohaintzak; albaitaritza-laguntzarik ez ematea; katua edo hudoa 24 orduz bakarrik uztea eta txakurra 12 ordu baino gehiagoz bakarrik uztea, animalia aireztapenik gabeko ibilgailuetan edukitzea…

  • Arau-hauste oso larriak: 10.001 eurotik 100.000 eurora bitarteko isuna

Adibidez: tratu txarrak ematea; mutilatzea; albaitariaren kontrolik gabe hiltzea edo esterilizatzea, animalia etengabe lotuta edukitzea; zigor-lepokoak erabiltzea; alkohola, drogak edo botikak ematea; erasoren bat gertatuz gero, albaitariaren behaketaren pean jartzeko betebeharra ez betetzea…

EUDELek egindako ORDENANTZAREN ESTEKA

ERAINSKINA: Araututako esparruen adibideak

BIZIKIDETZA ARDURATSUA

-Besteak beste, berariaz debekatuta dago etxeko animaliekin haur-jolasguneetan, parke bio-osasungarrietan eta kirol anitzeko pistetan sartzea eta egotea. Debekaturik dago, halaber, animaliak iturri apaingarrietan bainatzea eta zuzenean giza kontsumorako edateko uraren iturrietatik edatea.

-Udalak zehaztuko ditu txakurrak aske egon daitezkeen ordutegiak eta udalerriko eremuak, besteak beste, espazioak, lorategiak, parke publikoak edo hondartzak.

-Oro har, establezimendu (elikagaien salmentakoak izan ezik) eta garraio publikoek animaliei, lotuta eta kontrolatuta, sartzeko baimena emango die, baldin eta barrutiaren segurtasun-neurriak eta higiene- eta osasun-baldintza egokiak betetzen badituzte. Establezimenduak sarrera debekatzen badu, lokalaren kanpoko aldean ikusteko moduko bereizgarri baten bidez adierazi beharko du.

-Berariaz debekatuta dago etxeko animaliak elikagai-saltokietara, merkatuetara eta supermerkatuetara sartzea; baita ikuskizun publikoetako guneetara, igerilekuetara edo osasun-lokaletara sartzea ere, besteak beste.

ANIMALIAK IBILGAILU PRIBATUAN GARRAIATZEA

– Ibilgailuaren atzeko aldean joan beharko dute, eta bide-segurtasuneko araudian ezartzen diren eusteko eta/edo segurtasuneko bitartekoak erabili beharko dituzte. Girotzeko eta aireztatzeko sistema bat izango du, animaliaren erosotasuna bermatzeko.

KATU KOMUNITARIOEN ETA KATU-KOLONIEN KONTROLA

-Hemendik aurrera, udalen eskumena da udalerri bakoitzean katu komunitarioen populazioa kontrolatzea. Horretarako, CER metodoa erabiliko da (harrapaketa, esterilizazioa, markaketa eta itzulera) eta katu-koloniak kudeatzeko programak garatuko dira.

-Katu Komunitarioen Udal Errolda sortu, eta, horretan, Udalak onartutako katu-koloniak inskribatuko dira. Bilduko diren datuak: kokalekuak, elikatzaileak, animalien kopurua eta horietatik zeintzuk dauden esterilizatuta, eta abar.

OSASUN PUBLIKOA

-Partikularrek ezin izango dituzte animalien gorpuak beren kontura desagerrarazi, ezta zaborrontzietan utzi ere. Udala edo animalia kentzeko izendatutako enpresa jabearekin jarriko da harremanetan, eta hark hartuko du kostuaren ardura.

Debekatuta dago animaliei janaria uztea eremu publikoan, Udalak onartutako katu-kolonien kasuan izan ezik eta horretarako ardura duten pertsonen bitartez.

ANIMALIAK JASOTZEA

-Udalari dagokio eremu publikoan galdutako animaliak jasotzea. Animalia harrapatu eta garraiatzeko, alferrikako sufrimendurik, minik edo larritasunik eragiten ez duten metodoak erabiliko dira.

-Identifikaziorik gabeko animalia bat atxikita egoteko epea 15 egun naturalekoa izango da, udal-zerbitzuan edo horretarako itundutako erakundean sartzen den egunetik hasita. Identifikatu eta erregistratutako animalien kasuan, atxikipen-epea zazpi egun baliodunekoa izango da, titularrari jakinarazpena egiten zaionetik zenbatzen hasita.

ELKARTEAK

-Udalak, legez eratu eta erregistratutako irabazi-asmorik gabeko elkarteekin, hitzarmenak egin ahal izango ditu, animaliak babestu eta defendatzeko, edo arduraz edukitzeaz kontzientziatzeko jarduerak egiteko.

ZAINTZA ETA IKUSKAPENA

-Funtzionario-ikuskatzaileak edo, hala badagokio, Udaltzaingoak, larrialdi luzaezinetan eta arrazoituta, salbuespenezko behin-behineko neurriak hartu ahal izango ditu, interesdunei entzun gabe eta animaliaren ongizatean oinarrituta.