- 2005az geroztik, EUDELek adierazpen instituzionalaren eredu bat prestatzen du Euskadiko udalentzat urtero, Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna (azaroaren 25a) dela-eta.
- Aurtengo adierazpenak sexu-jazarpena eta emakumeen aurkako beste sexu-indarkeria mota batzuk espazio publikoetan (jaiak, mugikortasuna…) izango ditu ardatz.
2022ko azaroaren 22an. EUDELen Batzorde Eragileko alkateek onetsi zuten adierazpen hau, urriaren 13ko bileran. Egun horretan bertan, udal-batzorde eta osoko Bilkuren aurretik, testua euskal udalei eta mankomunitateei bidali zitzaien. EUDELek toki-erakundeen eskura jarri du Adierazpen hau erreferentzia-eredu gisa; udalerri bakoitzak bere errealitatearen arabera egokitu dezan, toki-autonomia aintzat hartuta.
EUDELen Adierazpena bat dator euskal erakunde guztiek bultzatutako kanpaina bateratuarekin , azaroaren 25a dela-eta. Adierazpenaren lehen paragrafoan jasotzen den bezala: “Azaroaren 25ean emakumeen beraien eskubidea aldarrikatu nahi dugu, espazio publikoa berdintasun-baldintzetan erabiltzeko eta horiez gozatzeko, herritartasun osoari dagokien eskubideak bermatze aldera. Hitz batez, norberaren askatasun indibidual eta kolektiboaren garapena bermatzea.”
Ildo horretan, EUDELek zera salatzen du: emakumeen eta nesken aurkako sexu-indarkeria, helburu argia duela, “emakumeak kontrolatzea eta haien askatasuna murriztea”, hain zuzen ere. Halaber, zera zehazten du: “jai- eta aisialdi-testuinguruetan gertatzen den sexu-indarkeriak emakumeen sexualitatea kontrolatzeko funtzio hori betetzen du. Era berean, haien nahia, gorputza, mugikortasuna, espazio publikoko okupazioa, gizarte-harremanak eta berdintasun baldintzetan gozatzeko eskubideak kontrolatzea ere”.
Dokumentuan, EUDELek balioa ematen die orain arte egindako aurrerapenei: “emakume askok banaka egindako ahalegin tematiaren bidez; bai eta mugimendu feministek eta beste erakunde batzuek egindako lanaren bidez ere, espazio publikoak eta pribatuak gizonen eta emakumeen artean banatzeko dikotomia gainditzeko helburuarekin. Hala ere, bi aldeen arteko desberdintasuna agerikoa da oraindik, batzuek eta besteek bizitza publikoan parte hartzeko izan dezaketen erabileran, bai eta gure hirietako eta herrietako kaleez gozatzeko eta haiez jabetzeko orduan ere”.
Berdintasunezko erabilera hori murrizten duten mekanismo anitzen artean, fokua jarri nahi da “sexu-indarkerian; izan ere, mundu osoko emakumeak eta neskatilak espazio publikoan sufritzen ari dira”.
Azkenik, EUDELen Adierazpenak sei konpromiso proposatzen ditu. Horien artean, BERDINSAREA indartzea, berdintasunaren arloko eta indarkeria matxistaren aurkako ekimenei eta jardunbide egokiei buruzko ezagutza trukatzea errazteko udalerrien sare gisa.
ADIERAZPENA https://eudel.eus/eu/file/documentos_ficheros/ADIERAZPENA%20A25_eus.docx