
EUDELeko Batzorde Eragileko ordezkari eta Laudioko alkate Ander Añibarrok agerraldia egin du gaur goizean Lan eta Enplegu Batzordean, EAEko udalek Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Lege Proiektuari egindako ekarpenak legebiltzar-taldeei aurkezteko.
EUDELeko Batzorde Eragileak 2021eko ekainaren 10ean onartu zituen lege-proiektu horri buruzko gogoeta orokorrak, eta, horrela, entzunaldiaren izapidea bete. Horren ostean, Tokiko Gobernuen Batzordearen txostena jaso zuen. Batzorde hori, besteak beste, euskal udalerrietako hamabi ordezkarik osatzen dute, eta Aldebiko Batzordeak aztertua.

EUDELeko Batzorde Eragilearen gogoetak eta ekarpenak udal-autonomiaren defentsaren ikuspegitik eta indarrean dagoen eskumen-esparruaren ikuspegitik proposatu ziren, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean zehaztuta.
Ekarpenen laburpen gisa, Laudioko alkateak eremuak definitu ditu, zeintzuen inguruan, EUDELek uste du etorkizuneko Legeak aintzakotzat hartu behar dituela:
- Toki-erakundeen eskumenak eta eginkizunak mugatzea eta definitzea, indarrean dagoen esparru juridikoaren arabera.
- Hala badagokio, udalei esleitzen zaizkien eginkizunak betetzeko finantza-nahikotasuna bermatzea.
- Lanbiden kokatzea prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten pertsonak gizarteratzeko prozesuak, eta beharrezkoa denean, gizarte-zerbitzuen, hezkuntzaren, etxebizitza eta osasun zerbitzuen laguntza izatea.
- Etxebizitza-Sistematik etxebizitza-beharrei erantzutea.
EUDELek hasieratik parte hartu du Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema eratzeko prozesuan: 12/1998 Legea, maiatzaren 22koa, gizarte-bazterkeriaren aurkakoa, eta 18/2008 Legea, abenduaren 23koa, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzekoa, eta horren moldaketa, 2011koa.