Eudel

Gasteizen, 2026ko martxoaren 4an. EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraizek agerraldia egin zuen Eusko Legebiltzarrean, Euskadin sustapen-izaerako tradiziozko zezen-ikuskizunak arautzeko Lege Proposamena zela-eta, adieraziz berea jarrera munizipalista hutsa zela, tokiko autonomiaren defentsan, udal-aniztasunarekiko errespetuan eta udalei segurtasun juridikoa emango dien berariazko arau-esparru baten premian zentratua.

Hitzaldiaren hasieran, Elkarteburuak esan zuen gai honek gizartean “jarrera kontrajarriak” sortzen dituela eta EUDELi ez dagokiola postura ideologikoa hartzea. Elkarteburuak gogorarazi zuen legeak ez duela jaiak egitea derrigortzen, eta azken erabakia tokiko erakunde bakoitzari dagokiola. Hori dela eta, lege-testuak udalaren erabaki-tarte efektiboa bermatu behar duela defendatu zuen, eta neurriz kanpoko zama administratibo edo teknikoak saihestu behar dituela, batez ere udalerri txikienetarako.

Esther Apraizek azpimarratu zuen ekitaldi horiek toki-esparruan egiten direla, eta udalek hartzen dutela beren gain haien baimenaren, antolaketaren edo gainbegiratzearen ardura zuzena. Beraz, Elkarteburuak adierazi zuenez, “hartzen den edozein erregulazio udal-autonomiaren berariazko aitorpenetik abiatu behar da, eta udal bakoitzak, bere eskumenak erabiliz, horrelako jarduerak egiten dituen edo ez erabakitzeko duen eskumenetik”.

Aldi berean, Euskal Herriko errealitatearen pluraltasunarekiko eta aniztasunarekiko errespetua azpimarratu zuen. Eta nabarmendu zuen Euskadin tokiko hainbat identitate daudela elkarrekin, beren kultura- eta jai-tradizioekin.

Haurren babesa eta animalien ongizatea

Segurtasunari dagokionez, Elkarteburuak azpimarratu zuen helburu nagusitzat hartu behar direla parte-hartzaileen babesa —batez ere haur eta gazteena— eta animalien ongizatea. Udalek “animalien aurkako tratu txarren aurrean zero tolerantziarekin” duten konpromisoa berretsi zuen, eta arauak animalien babeserako euskal legeriarekin erabat koherentea izan behar duela.

Era berean, arrazoizkotzat jo zuen testuak adingabeengan izango duen eraginari buruzko berariazko gogoeta bat jasotzea, sendotasun juridikoa eta nazioarteko estandarrekiko lerrokatzea indartuz.

Berariazko arau-esparru harmonizatu baten beharra

Bigarren ardatz nagusi gisa, EUDELek ezinbestekotzat jotzen du etorkizuneko erregulazioak irizpide argi eta homogeneoak ezartzea Euskadiko udal guztientzat, eskakizun guztiak esparru koherente bakarrean integratuz. Arauen harmonizazioa lagungarri izango da udal-kudeaketa errazteko, administrazio-koordinazioa indartzeko eta ziurtasun handiagoa eskaintzeko hala antolatzaileei nola toki-erakundeei eurei.

Azkenik, Elkarteburuak berretsi zuen EUDELek lege-testua hobetzen laguntzeko borondatea duela, batez ere udal-kudeaketan zuzenean eragiten duten alderdietan, eta izapidetze-prozesuan toki-erakundeekin etengabeko elkarrizketa izatearen alde agertu zen.