Estrasburgon, 2024ko irailaren 13an. Esther Apraiz EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkateak Europako Kontseiluak irailaren 12 eta 13rako deitutako bileran parte hartu du, Demokraziaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, tokiko agintariek “kontinentearen egonkortasun demokratikoari” egindako ekarpena aldarrikatzeko. Tokiko eta Eskualdeko Botereen Kontseiluak Estrasburgon duen egoitzan tokiko eta eskualdeko gobernuen 110 elkarte inguruk hartu dute parte.
Europako Kontseiluaren mezuen ildotik, Esther Apraizek Europako udalen funtsezko zeregina azpimarratu du, “gure komunitatetan demokraziaren, giza eskubideen eta zuzenbide estatuaren zaindari gisa elkarlanean aritzeko eta elkarrekin lan egiteko, pertsonekiko enpatia eta hurbiltasunetik abiatuta”.
EUDELeko elkarteburuak, beste behin ere, maila anitzeko gobernantzan “tokiko sentsibilitatea” txertatzearen alde egin du, erronka demografiko, sozial, teknologiko eta klimatiko handiei herri eta hirietatik erantzuteko, eta, bereziki, “herritarrek beren erakundeetan duten konfiantza sendotzeko”. EUDELek bultzatutako tresna praktiko bat Gobernantzaren arloko Bikaintasun Zigilua (ELoGE) da, eta dagoeneko EAEko 23 udalerrik bat egin dute ekimen horrekin.
Goi-bilera munizipalista azken adierazpen batekin amaitu da gaur, oinarrizko hautetsiek Europako printzipio eta balio demokratikoekin duten konpromisoa berresteko. Besteak beste, gazteek bizitza publikoan parte-hartze handiagoa izatearen alde egiten du dokumentuak, eta “gizarte demokratikoak, baketsuak, giza eskubideetan oinarritutakoak, jasangarriak, inklusiboak eta erresilienteak” eraikitzen aurrera egitearen alde.
Ekitaldian hainbat eztabaida-foro egin dira tokiko autogobernua hobetzeari buruz, Errusiak Ukrainaren aurka abiatutako eraso-gerraren ondorioei buruz, atzerapen demokratikoari buruz, polarizazio politiko eta sozialari buruz, klima- eta ingurumen-krisiei buruz, injustizia sozialari buruz, migratzaileen eta errefuxiatuen harrerari buruz, eta egungo eta etorkizuneko beste erronka batzuei buruz.