Eudel

Donostia 2022/06/29

Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuak eta Gasteizko alkateak, gaur goizean, Euskadi Lagunkoiaren hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldiaren inaugurazioan parte hartu du, Tabakaleran (Donostia). Ekimen hori Eusko Jaurlaritzak sustatzen du eta Matia fundazioak jarri du abian; ekimenaren helburua da herritarren parte-hartzea sustatzea, EAEko auzoak, herriak eta udalerriak garraioaren, etxebizitzaren, gizarte-zerbitzuen eta osasunaren eremuetan hobetzeko, bai eta eraikinak eta aire zabaleko espazioak ere.

Hitzordua Iñigo Urkullu lehendakariak itxi du, eta, hartan, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, eta Nekane Arzallus Donostiako alkateordeak ere parte hartu dute.

 Gorka Urtararanen hitzaldiaren Bideoa

Gorka Urtaranek honako hau nabarmendu du: “Zahartzea da gure gizartearen erronkarik handienetako bat, eta udalok funtsezko zeregina dugu udalerrietan isolamendu- eta bakardade-egoerak prebenitzeko. Esate baterako, toki-erkidegoaren alde adinekoen partaidetza eta belaunaldien arteko topagunea sustatzen duten programen bidez egin daiteke hori”.

Euskadi Lagunkoiari buruz EUDELeko elkarteburuak honako hau esan du: “batik bat, balioen sarea da: Europako tradizioari lotutako balioen sarea da: kohesioa, elkarlana, elkartasuna, berdintasuna, inklusioa… Benetako balioak; herri eta hiri osasungarriak, jasangarriak eta erresilienteak eraikitzeko ezinbesteko balioak”.

OMEk udalerri lagunkoiak pertsonen eta zahartze aktiboaren arteko bizikidetza sustatzen duten hiri-ingurune integratzaile eta irisgarri gisa definitzen ditu. Euskadi Lagunkoia, abian jarri zenetik, hazten joan da, eta, orain, EAE osoko 70 udalerrik osatzen dute sarea: Gipuzkoa 25ek, Bizkaiko 27k eta Arabako 18k.

Lagunkoitasunaren aldeko mugimendua EAEn 2009. urtean hasi zen, Donostia OMEren Mundu Sarean sartu zenean. Bilbo, Vitoria-Gasteiz eta Durango ere ekimenari atxiki zitzaizkion, handik gutxira.

Udalerri horiek guztiak aitzindariak izan dira estatu-mailan lagunkoitasunaren garapenean, eta, 2016an, formalki atxiki zitzaizkion Euskadi Lagunkoia sareari; sareak udalerriak, erakundeak eta pertsonak barne hartzen ditu, bai eremu pribatukoak bai publikokoak eta sozialekoak.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politika sailburuak azpimarratu du Euskadi Lagunkoiaren helburua herritarren parte-hartzea sustatzea dela, auzoak, herriak eta udalerriak hobetzeko, garraioaren, etxebizitzaren, gizarte-zerbitzuen eta osasunaren, eraikinen edo aire libreko eremuen arloan, besteak beste. Artolazabalek goraipatu du 2012an Euskadi Lagunkoia ekimena abian jarri zutenean ezarritako helburu nagusiak bete direla: “Herritarren eta sektore publikoaren, pribatuaren eta sozialaren parte-hartzea sustatzea, Euskadin mugimendu lagunkoia garatu ahal izateko; adineko pertsonen herritartasun aktiboa sustatzea erabakietan parte hartuz eta inguruak hobetuz, eta Euskadiko herriek eta hiriek ongizatea sortzeko garaian duten ahalmena aprobetxatzea”.

Iñigo Urkullu lehendakariak itxi du hitzordua eta adierazi du bizitza aktiboa eta autonomoa luzatzea hiri-eremuen eta ingurune etxetiarren diseinuaren, segurtasunaren eta egokitasunaren menpe dagoela hein handi batean. Urkulluk esan du adineko pertsonak “aldaketaren eragileak, arduratsuak eta Euskadi Lagunkoia ekimenaren protagonistak” direla. “Gainerako herritarren inplikazioa sustatzen duen motorra dira, udalerriak eremu lagunkoiagoak izatea lortzeko lan komunaren barruan”.

Informazio gehiago:

https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/78416-euskadi-lagunkoia-celebra-sus-primeros-diez-anos-vida-con-objetivo-que-los-municipios-vascos-sean-cada-vez-mas-inclusivos-accesibles-amigables