- Udalhitz Akordio berriaren edukiak landuko dituen negoziazio-prozesuaren esparrua finkatu dute gaur Udalen eta sindikatu nagusien ordezkariek, enplegu publikoaren egonkortasuna eta sorrera lortzeko eta EAEko toki-erakundeetako langileen baldintzak hobetzeko.
Bilbon, 2025eko apirilaren 10ean. Gaur arratsaldean, EUDELen egoitzan, Udalen ordezkaritza politikoaren eta sindikatu nagusien arteko bilera egin da, EAEko toki-erakundeetako 20.000 langile publiko baino gehiagoren lan-baldintzak arautzen dituen Udalhitz akordio berriaren Negoziazio orokorrerako Mahaia eratzeko. Egungo akordioaren eguneraketarekin, Euskadiko udalen erronka berriei erantzun nahi zaie, herritarrentzako zerbitzu publiko hobea ekarriko duten lan-baldintza onuragarriagoen bidez.
Mahaiaren eraketan, alde batetik, EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE eta Talde Independenteen ordezkariek osatzen duten EUDELen Negoziazio Batzordeak eta, bestetik, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek parte hartu dute.
Arratsaldeko bileran, eta Mahaia eratu baino lehen, udalek eta sindikatuek esparru-protokolo bat sinatu dute. Protokolo horretan, bi alderdiek egungo Udalhitz oinarri hartuta negoziazioari ekiteko konpromisoa jasotzen da, akordio berri bat lortzeko hobekuntzak sartzeko oinarrizko dokumentua baita. Era berean, alderdiek etorkizuneko akordioari ahalik eta atxikipen handiena aktiboki sustatzeko duten borondatea adierazi da.
EUDELek hemendik aurrera hasiko den negoziazio-prozesuari balioa eman nahi dio, Udalhitz berriaren edukiei helduko baitie. Horretarako, enplegu publikoaren egonkortasuna eta sorrera eta behin betiko estaldura lortzeko bideak aztertzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek, bai eta ordainsari-masaren gehikuntzaren maximo globalak finkatzeko ere, izan ere, langileen erosteko ahalmena berreskuratzeko eta dagokion aurrekontuaren oreka eta egonkortasuna bermatzeko.
EUDELeko Batzorde Eragile berria izendatu zenean, 2023ko irailean, Euskadiko Udalen Elkarteak ezarri zuen lehentasunezko proiektua egungo Udalhitz akordioa berrikustea izan zen. Akordio hori 2008. urtekoa da, eta, beraz, eguneratu egin behar da, eta urte horietatik hona garatutako araudi berrira egokitu. Horren haritik, Negoziazio Mahaia eratzeak berebiziko garrantzia du, tokiko agintaldi honen barruan, Akordioa berritu ahal izan dezaten udaletako eta mankomunitate eta sozietate publikoetako langileek. Udalhitzek lan-harreman aurreratuen esparru bat egituratzen du, euskal toki-erakundeen herritarrentzako zerbitzu publikoaren kalitatea, eraginkortasuna eta efizientzia garatzea ahalbidetuz.