- Gaur goizean, EUDELen elkarteburuak Tokiko Autonomiari buruzko Europako Gutunaren auditoretzan parte hartu du telematikoki; bost urterik behin ebaluatzen dute Europako Kontseiluko batzordeko aditu batzuek, zer neurritan aplikatzen den.
- Gorka Urtaranek euskal udalgintzaren indarguneak aurkeztu ditu bere hitzartzean, Europako Tokiko eta Eskualdeetako Botereen Biltzarreko (ETEBB) estatuko Ordezkaritzako kide denez gero.
2021eko maiatzaren 18an. Gaur goizean, Gorka Urtaranek Tokiko Autonomiari buruzko Europako Gutunaren aplikazioaz jarduteko Europako Kontseiluaren Auditoretzan hartu du parte, bideokonferentzia bidez. Ebaluazio hori bost urtean behin egiten da, gutxi gorabehera, Gutunean hartutako konpromisoak europar herrialdeek zenbatean betetzen dituzten ikuskatzeko. Gorka Urtaranek Euskadiko Udalen Elkartearen elkarteburu gisa hartu du parte, batetik, eta, bestetik, Europako Tokiko eta Eskualdeetako Botereen Biltzarreko (ETEBB) estatuko Ordezkaritzako kide gisa, udaletako eta parlamentu autonomikoetako beste 12 hautetsirekin batera.
Bere hitzartzean, Gorka Urtaranek Ekonomia Itunaren eredu propioaren balioa nabarmendu du, eta euskal autogobernuaren eta haren berezitasunaren funtsezko zutabe gisa definitu du Ituna. EUDELen elkarteburuak euskal udalgintzaren “zerbitzura” dagoen tresnatzat definitu du Ituna, zeina, aldi berean, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen (ETEL) osagarri den.
Urtaranek azpimarratu du zer garrantzi duen EUDELek foro guztietan aktiboki parte hartzeak, hala, euskal udalerrien ahotsa izan baitaiteke Europan; “oso garrantzitsua da ETEBBko gure europar kideek ezagutzea Itunaren euskal ereduaren berezitasuna, hori baita gure tokiko autonomia defendatzeko tresnarik onena”. Testuinguru horretan, elkarteburuak europar auditoreei hau adierazi die: “Ekonomia Itunak Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak xedatzen dizkigun politikak, eskuduntzak eta udal-zerbitzuak sustatzeko behar ditugun baliabide guztiak bermatzen dizkigu”.
2016ko apirilaren 7an onetsi zen ETEL, eta Euskadiko Udalak gainerako erakundeen “maila berean” jartzeko EUDELen aldarrikapen historikoari erantzuten dio. Euskadiko Lege horren funtsean adostasun politiko eta instituzionala dago, eta Europako Gutunean oinarritzen da zuzenean. “Abangoardiako” lege gisa izendatzen dute; izan ere, hori izan zen Euskadin tokiko autonomiaren arau-esparru egonkorra ireki zuena, eta udalen eskuduntza propioen errekonozimendu instituzionala dakar, horiek gauzatzeko finantza-nahikotasunarekin batera.
Euskal udalen “adin nagusitasun” bikoitz horren errekonozimendua, eskuduntzen eta ekonomia eta finantzen mailan, bi organoren bidez gorpuzten da: Euskadiko Tokiko Gobernuen Batzordea, araudi berriak diseinatu eta gauzatzean, tokiko autonomia babesteko “alerta goiztiarreko” organoa; eta Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan EUDELek, Udalen Elkarte denez gero, izendatutako hiru ordezkarik hitzarekin eta botoarekin parte hartzeko aukeran.
Euskadiko Ekonomia Itunaren ereduaren printzipioak eta balioak defendatzeaz gainera, Gorka Urtaran elkarteburuak adierazi du EUDELek “erne jarraituko duela” ETEL “modu eraginkor eta efizientean” garatzen dela bermatzeko, eta gainerako erakundeek, estatuko, autonomiko nahiz foralek, udalerriei esleitutako eskuduntza edo zerbitzu berri oro finantziazio egoki eta nahikoarekin batera etor dadin, Legeak berak ezartzen duen moduan.
ETEBB eta Europako Gutuna
Europako Toki eta Eskualde Botereen Biltzarra Europako erakundea da, eta bere ardura da tokiko eta eskualdeko demokrazia sendotzea Europako Kontseiluko 47 estatu kideetan. Hauxe du zeregin nagusi: tokiko eta eskualdeetako demokraziaren aurrerapenak indartu eta gainbegiratzea. Testuinguru horretan, estatu kideek Tokiko Autonomiaren Europako Gutuna aplikatzen dutela gainbegiratzen du; hain zuzen, juridikoki loteslea den lehen tresna da hori, 1985ean hartua.
Gutuna aurrekaririk gabeko itun bihurtu da toki eta eskualdeetako agintarien eskubideak babesteko, esate baterako hauek: autonomiarako eskubidea, tokiko organoak aukeratzeko eskubidea, beren eskuduntzak erabiltzeko eskubidea eta egitura administratiboak eta finantza-baliabideak izateko eskubidea, eta beste gobernu-maila batzuek esku hartuz gero, ekintza judizialak hasteko eskubidea.
Bi euskal ordezkari
ETEBBren Espainiako Ordezkaritza 12 kidek eta 12 ordezkok osatzen dute; horietatik sei alkateak dira, eta beste sei diputatu autonomikoak. Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkatea eta EUDELen ordezkaria eta Rakel Molina Eusko Legebiltzarreko kidea dira Euskadiren ordezkariak Espainiako Ordezkaritzan, beste hauekin batera: Abel Caballero (Vigoko alkatea eta FEMPko presidentea), José Benlloch (Vila-Realeko alkatea), zeina Ordezkaritzaren buru izango den, Gema Igual (Santanderreko alkatea), Ana González (Gijóngo alkatea), Jose Mª García Urbano (Esteponako alkatea), Lara Garlito (Extremadurako legebiltzarkidea), Pedro Puy (Galiziako legebiltzarkidea), zeina Ordezkaritzaren lehendakariordea izango den, Josefa Navarrete (Castilla-La Manchako legebiltzarkidea), Nayra Alemán (Kanariar Uharteetako legebiltzarkidea) eta Julio J. Díaz Robledo (Andaluziako legebiltzarkidea).