- Alkateak eta Europa osoko ordezkari hautetsiak telematikoki elkartuko dira irailaren 29tik urriaren 1era, Zuzendaritza Batzordearen bilerarako eta Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko (EUEK) urteko erretirorako.
- EUDELen elkarteburuak bihar, asteartea goi-bileran hartuko du parte goizeko 09:30etik aurrera, eta ondorengo eztabaida politikoan ere bai, tokiko buruzagiek udalerri eta eskualde guztientzako lehenengoratze jasangarria eta osasungarria nola gidatu eztabaidatuko baitute.
- Lehentasunezko gaiez arituko dira Batzordean, esaterako, zerbitzu publikoak mantendu eta behar sozialak artatzeko tokiko finantzaketa indartzeaz. EUEKek bere tokiko ekintza-plana aurkeztuko du GJHen eta Green Deal edo Europako Itun Berdearen ildoan, datozen urteetarako ibilbide-orri politiko eta ekonomiko gisa.
Bilbon, 2020ko irailaren 28an.
EUDELen elkarteburu eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek bihar, asteartea, Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko Zuzendaritza Batzordearen urteko bigarren bileran hartuko du parte.
“Udalerri eta eskualde erresilienteetarako bidea” izeneko EUEKen goi-bilera birtual hau pandemia hasi zenetik egingo den lehenengoa da. Helburu nagusia da udalerrien eta Europako gainerako erakundeen arteko elkarlanerako gobernantza indartzea, errekuperazio sozioekonomikoa, energetikoa, klimatikoa, inklusiboa eta bidezkoa sustatzeko.
Batzorde Gidatzailearen bilera goizeko 09:30ean hasiko da eta arratsaldeko lehen orduetan amaituko da, maila anitzeko eztabaida politikoarekin. Truke saio horretan, ordezkari hautetsiez gain, Europako Batzordeko eta EBko Parlamentuko arduradun politikoek eta teknikoek hartuko dute parte.
Biharko goi-bilerari dagokionez, Gorka Urtaranek aurreratu duenez, “EUDELek bat egingo du Europako udalerrien itunarekin, udalerrietako ekintza kokatzeko susperraldian eta pandemiak eragindako krisiaren irtenbidearen erdian”.
COVID-19ak herri eta hirietan eragindako ondorio ugari eta sakonei aurre egiteko dituzten estrategiak eta erantzunak partekatuko dituzte tokiko buruzagiek.
Europako udalerrien goi-bilera honetan tokiko eta eskualdeko agintari garrantzitsuak elkartuko dira, besteak beste, Stefano Bonaccini, Emilia-Romagna eskualdeko (Italia) eta EUEKeko presidentea; Bart Tommelein, Ostendeko (Belgika) alkatea; Phedon Phedonos, Pafoseko (Zipre) alkatea; André Sobczak, Nantesko (Frantzia) metropoliko presidenteordea edo Rui Jorge Cordeiro Gonçalves dos Santos, Vila Realeko (Portugal) alkatea.
Green Deal eta tokiko ekintzarako ezohiko funtsak
EUEKeko Batzordean mezuak eta baterako proposamenak aurkeztu ahal izango dizkiete udalerriek EBko erakundeetako ordezkariei. Zuzendaritza Batzordearen xedea da pandemiak eragindako krisiaren ondorioz lehengoratze sozial eta ekonomikorako tokiko gobernuen lehentasunei buruzko ekarpenak biltzea. EUEKek adostutako adierazpenak eta proposamenak baliagarriak izango dira Europako erakundeetan diseinatzen ari diren ekimen eta planetan “tokiko ikuspegia” izateko, esaterako, Next Generation EU finantza-tresnan edo ekonomia jasangarria, berdea eta zirkularra sustatzeko Energia eta Klima arloko planetan.
Tokiko finantzak, erakundeen arteko maila anitzeko lankidetzak eta GJHen kokapenak indartzeko mekanismoak aztertuko ditu Batzordeak. Arreta berezia eskainiko zaio Gren Deal edo Itun Berdeari, udalerriak ekonomia berdeagora, emankorragora, osasungarriagora eta jasangarriagora joateko ibilbide-orria izan dadin.
EUEKek dio “arrakasta izateko, tokiko gobernuak ahaldunduta egon behar direla. Azken urteetan udalerrien eta eskualdeen erantzukizuna handitu egin da, baina finantzaketarako bideak murriztu egin zaizkie. Hori dela eta, Europako Batzordeak EBko finantzaketarako sarbide zuzena eta soilagoa bermatu behar luke, eta tokiko enpresentzako laguntzen malgutasuna areagotu.”
Balorazio horrekin bat dator EUDELen elkarteburua eta Gasteizko alkatea. Gorka Urtaranek azpimarratu duenez, “tokiko gobernuok lagundu diezaiokegu eta lagundu egin behar diogu gure herri eta hirietako eraldaketa sozialari, ekologikoari, energetikoari eta digitalari”. Elkarteburuak, halaber, adierazi du “Europaren etorkizuna tokiko gizarte eta ekonomietan eraikiko dela, eta udalerri bat bera ere ezin dela atzean geratu”.
Hori dela eta, Euskadiko udalerrien ordezkariak beste kideekin partekatuko du EUDELen eskakizuna, hilabete honetako Batzorde Eragilearen akordioan oinarritua, hau da, “beste erakunde batzuek sustatuta Euskadira irits daitezkeen ezohiko funts guztiak, Europako funtsak barne, udalerrietara ere hel daitezela”.
EUEK 1951n sortu zen eta Europa osoko udalerrien eta federazioen elkarterik garrantzitsuena da, ezarpenari, kide kopuruari eta nazioarteko aintzatespenari dagokionez. Europako 41 herrialdetako udalerrien 60 elkarte daude; tokiko 150.000 gobernuren ordezkariak dira elkarte horiek.