Eudel
  • EUDELen elkarteburua izendatu berri dute Europako Tokiko eta Eskualdeetako Botereen Biltzarrean (ETEBB) estatua ordezkatzeko. Vitoria-Gasteizko alkatea tokiko ganbera horretako Gobernantza Batzordean egongo da.
  • Urtaranen izendapena martxoaren 23 eta 24an berretsiko da, Biltzarraren 40. Osoko Bilkuran. Formatu birtualean egitera deitu dute, 2021-2025 agintaldirako gobernu-organoak berritzeko.

2021eko martxoaren 18an. Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkatea, Euskadiko Udalen Elkartearen elkarteburu gisa, Europako Kontseiluaren Tokiko eta Eskualdeetako Botereen Biltzarreko (ETEBB) kide berria izendatu dute. Udaletako eta eskualdeetako legebiltzarretako hautetsiek osatzen dute biltzarra.

ASAMBLEA GENERAL EUDEL 2020

Kontsultarako organismo hori 1994an eratu zen. Egoitza Estrasburgon du, eta aholku ematen die Europako Kontseiluko Ministroen Kontseiluari eta Parlamentu Batzarrari. ETEBBren funtsezko zeregina udalen autonomia babestea da, Europako xedapen eta arau guztiei dagokienez. Helburu hori betetzeko, txostenak egin eta aurretiazko irizpenak igortzen ditu udalerriei eragiten dieten politikei eta jarduketei buruz.

Gorka Urtaran pozik agertu da, udal-mailan Europako Kontseiluan dagoen erabakigune garrantzitsuenera euskal udalen ahotsa eramateko aukera izateagatik. “Erantzukizunez eta Europako nire homologoekin batera lan egiteko konpromiso irmoz helduko diot erronkari, hiri eta herrientzat etorkizunerako aukerak sortzeko”. EUDELen elkarteburuaren hitzetan, “COVIDaren osteko nazioarteko ordena berrian, Europak protagonismoa berreskuratu behar du bere udalen eta eskualdeen bitartez. Tokiko gobernuok funtsezko rola dugu gizartearen eta planetaren erronka handiei dagokienez: inklusioa, berdintasuna, klima-aldaketa, jasangarritasuna…”.    

ETEBB 47 estatutako 324 ordezkarik eta 324 ordezkok osatzen dute, eta bi ganberatan banatuta dago: tokiko agintariena eta eskualdeetakoena. Lana hiru batzordetan antolatuta dago: Jarraipenekoa, Gaurkotasunezko Gaiena eta Gobernantzakoa. Azken horretan dago Gorka Urtaran.

Gobernantza Batzordea ustelkeriaren aurka borrokatzeaz eta udal-mailan gobernantza ona eta demokrazia garatzeaz arduratzen da. Tokiko gobernuen funtzionamendu eraginkor eta efizientearekin zerikusia duten gaiak ere jorratzen ditu, hala nola finantza publikoak, herritarren parte-hartzea, mugaz gaindiko lankidetza eta demokrazia elektronikoa.

Organo horretan kide gisa parte hartzearen garrantzia azpimarratu du EUDELen elkarteburak: “Foro guztiak baliatuko ditugu Europaren agendan tokikoen ahotsa entzunarazteko. Krisi-uneotan, ezinbestekoa da udalen funtsezko hiru lanabesak babestea: Gobernu ona, tokiko autonomia, eta gaitasun finantzarioa”.

Bereziki aipatzekoa da Gobernantza Batzordeak, bere lanerako, ETEBBren Parlamentu-biltzarreko Gizarte Gaietako, Osasuneko eta Garapen Jasangarriko Batzordearekiko elkarlan estuan jarduten duela.

Bi euskal ordezkari

ETEBBren estatuko ordezkaritzak 12 kide eta 12 ordezko ditu. Horietatik sei alkateak dira, eta beste seiak autonomia-erkidegoetako legebiltzarkideak. Gorka Urtaran, Vitoria-Gasteizko alkate eta EUDELen elkarteburua, eta Rakel Molina, Eusko Legebiltzarreko kidea, ordezkaritza horretan Euskadik dituen bi kideak dira. Hauek dira gainerako ordezkariak: Abel Caballero (Vigoko alkate eta FEMPko presidentea), José Benlloch (Vila-realeko alkatea), zeina ordezkaritzako presidenta izango baita, Gema Igual (Santanderko alkatea), Ana González (Gijóngo alkatea), Jose María García Urbano (Esteponako alkatea), Lara Garlito (Extremadurako legebiltzarkidea), Pedro Puy (Galiziako legebiltzarkidea), zeinak ordezkaritzako presidenteordetza izango baitu, Josefa Navarrete (Gaztela-Mantxako legebiltzarkidea), Nayra Alemán (Kanariar Uharteetako legebiltzarkidea) eta Julio J. Díaz Robledo (Andaluziako legebiltzarkidea).

Berriztapena egiteko Osoko Bilkura

Martxoaren 23an eta 24an ezohiko Osoko Bilkura bat egingo da telematikoki, ETEBBren bi ganberetako (udalena eta eskualdeena) ordezkariak hautatzeko, hastear den eta 5 urteko iraupena izango duen agintaldi honi begira.

Europako Kontseiluko ETEBBren helburuen artean, nabarmentzekoa da udalerrien eta eskualdeen iritzia europar erakundeei helaraztekoa, tokiko politikei eragiten dieten gai guztiei dagokienez; gainera, Tokiko Autonomiari buruzko Europako Gutuna betetzen dela zaintzeko xedea ere badu. Organoa Europako Kontseiluari atxikia dago, hau da, giza eskubideak, demokrazia eta Zuzenbide Estatua defendatzeko, babesteko eta sustatzeko helburuz sortutako europar erakunderik zaharrenari (1949an eratu zen).