Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak otsailaren 15ean Vitoria-Gasteizen egindako bileran, Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek eta euskal udalek 2022ko ekitaldia itxitakoan bildutako diru-kopuruari buruzko behin betiko datuak egiaztatu dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko zerga itunduengatik jasotako diru-bilketa handiagoa izan da 2022an, guztira 17.130,7 milioi euro osatzerainokoa (+%7,3). Kopuru horren arabera, joan den urrian egindako azken aurreikuspenarekiko gauzatze-maila %100,1ekoa izan da (urrian aurreikusi baino 21,4 milioi euro gehiago bildu dira), eta aurrekontu-zifrarekiko, berriz, %105,2koa.
Arabak 2022an 2.729,2 milioi euro bildu ditu zerga itunduen bitartez, 2021ean baino %9,7 gehiago; Bizkaiak 8.803,5 milioi euro bildu ditu, 2021ean baino %8,2 gehiago; eta Gipuzkoak 5.598,1 milioi euro bildu ditu 2022an, 2021ean baino %4,8 gehiago.
2022ko diru-bilketaren itxiera ikusita, 98,3 milioi euro erabiliko dira Egokitzapenerako Funts Orokorra hornitzeko, eta Araba eta Gipuzkoaren artean banatuko da, horiei 12.367.769 eta 85.929.333 euro baitagozkie, hurrenez hurren.
Bilera osteko agerraldian, udalen ordezkari Ángela Eguía Gordexolako alkateak azpimarratu du Finantzen Lurralde Kontseiluek duten funtzio garrantzitsua. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde kontseiluak bilduko dira hurrengo egunetan, udalen parte-hartzea zerga itunduetan aztertzeko eta EAEko 251 udalerrietako bakoitzerako finantzaketa zehazteko.
(2023/02/15) Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren informazioa