Eudel

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak Gasteizen otsailaren 13an egindako bileran, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta euskal udalek, beste gai batzuen artean, 2024ko zerga itunduen diru-bilketa ixteari buruzko akordioak hartu eta 2024ko Egokitzapenerako Funts Orokorraren behin betiko likidazioa onartu dute.

Aurten, urriko 2024ko aurre-likidazioan aurreikusi zen bezala, zerga-bilketa murriztu egin da, Auzitegi Gorenak lan-mutualitate zaharren gainean emandako epaien ondorioz foru-aldundiek PFEZn gauzatutako itzulketek eragina izan dutelako.

HDEKri buruzko informazio zabalagoa (2025/02/13): https://www.irekia.euskadi.eus/mobile/eu/news/99126-consejo-vasco-finanzas-publicas

Udalen ordezkariak

Euskal udalerrien aldetik, hiru lurralde historikoetako hiru alkatek hartzen dute parte Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan:

  • Esther Apraiz Fernandez la Peña, Derioko alkatea (EUDELeko elkarteburua).
  • Nagore Alkorta Elorza, Azpeitiko alkatea (EUDELeko elkarteburuordea)
  • Natividad López de Munain Alzola, Burgeluko alkatea (EUDELeko Batzorde Eragileko bokala)

Arrisku partekatua eta finantza-nahikotasuna

Bileraren osteko agerraldian, EUDELeko elkarteburuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluen berehalako deialdiaren garrantzia nabarmendu du, zerga-bilketak (2024ko likidazioa) Udal Finantzaketarako Foru Funtsetan duen eragina ezagutzeko.

Esther Apraizek hiru mezu helarazi ditu. Lehenik eta behin, gogorarazi du udalak, gainerako erakundeak bezala, arrisku partekatuko eta “erantzunkidetasuneko” sistemaren mende daudela, eta sistema horretan erakunde guztiek diru-bilketan egon daitezkeen desbideratze negatiboak beren gain hartu behar dituztela, kasu honetan, mutualisten epaien ondorioz.

Bigarrenik, pozik agertu da likidazioaren datuak bat datozelako urriko Kontseiluan egindako balioespenekin, eta azaldu du, aurretiazko informazio horrekin, “aurreikusleak izan garela eta diru-sarrera horiek deskontatu ditugula udal-aurrekontu errealistak eta egoera ekonomikora egokituak ateratzeko. Gaur egungo testuinguru konplexuak eskatzen dituen zorroztasun-irizpide eta zuhurtasun-irizpideei eutsiz beti. ”

Azkenik, Derioko alkatea den elkarteburuak udalek finantza-nahikotasuna izatea oso garrantzitsua dela azpimarratu du, herritarrentzako oinarrizko zerbitzuei eta erronka sozial, teknologiko eta ekologiko berriei erantzuteko. “Agintaldiaren erdialdean gaude, eta proiektu asko ditugu aurrera ateratzeko, gure udalerrien eta lurraldeen garapen sozial eta ekonomikorako estrategikoak direnak” aipatuz bukatu du.