Eudel

Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak gaur, 2026ko otsailak 12, Lakuan (Vitoria/Gasteiz) egindako bileran, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta Euskadiko udalek, beste gai batzuen artean, tributu itunduen 2025eko diru-bilketa bateratua jaso dute. Zenbatekoa 20.324,5 milioi eurokoa izan da, hau da, 2024an baino 2.014,5 milioi gehiago. Bestalde, Egokitzapenerako Funts Orokorrak 121,2 milioi euroko zuzkidura izango du, eta Araba eta Gipuzkoako lurralde historikoetan banatuko da. Zenbatekoak, hurrenez hurren, 75,5 eta 45,7 milioi eurokoak izango dira.

2025eko diru-bilketaren itxiera honela banatuko da lurralde bakoitzean:

  • Arabako Foru Aldundiak 3.157,5 milioi euro bildu ditu tributu itunduen bidez, 2024an baino % 11,5 gehiago.
  • Bizkaiko Foru Aldundiak 10.442 milioi euro bildu ditu, 2024an baino % 11 gehiago.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak 6.725 milioi euro bildu ditu, 2024an baino % 10,8 gehiago.
Herri-Dirubideen Euskal Kontseilua

Bileraren ondoren egindako agerraldian, EUDELeko elkarteburuak, Esther Apraizek, positiboki baloratu ditu Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak otsaileko saioan aurkeztutako datuak. Datu horiek baieztatzen dutenez, foru-aldundien zerga-bilketaren bilakaera ona da, urte arteko igoera % 11koa izan baita, eta 231,8 milioi euro gehiago batu dira Herri-Dirubideen Kontseiluak urriaren 13an egindako bilkuran aurreikusi zuena baino. Hazkunde horri esker, gora egingo dute Euskadiko 252 udalerriek udal-finantzaketarako foru-funtsen bitartez jasotzen dituzten zenbatekoak. Hala ere, EUDELeko elkarteburuak adierazi du zorroztasunari eta zuhurtziari eutsi behar zaiela gaur egungo testuinguru ekonomiko eta geopolitikoan, zeinaren ezaugarri nagusiak ziurgabetasuna eta Sozietateen gaineko Zergaren eta beste zerga-figura batzuen jokabide aldakorra diren, baita zenbait enpresa traktorek dituzten zailtasunak ere.

Udalerrien arteko banaketaren zenbateko zehatzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Finantza Kontseiluen hurrengo saioetan aztertuko dira. Kontseilu horiek dira foru-aldundien eta lurralde bakoitzeko udalen –EUDELek ordezkatuta– arteko topaguneak. Elkarteburuak nabarmendu du laster egingo dela bilkura horietarako deialdia, eta azpimarratu du garrantzitsua dela udalerriek lehenbailehen jakitea zer baliabide duten eskura, funtsezko zenbait arlo planifikatzeko: etxebizitza, gizarte-zerbitzuak, enplegua, energia-trantsizioa, mugikortasuna… Era berean, adierazi du guztiz beharrekoa dela udalen finantza-nahikotasuna bermatzea. Bereziki aurten, 2026an, aurreikusten baita bizitasun handiko urtea izango dela proiektu estrategikoei eta eraldaketa sozial, ekonomiko eta ekologikoen bultzadari dagokienez.

Bestalde, Elkarteburuak Egonaldi Turistikoen gaineko Zerga izan du hizpide, eta gogorarazi du EUDELek udal-bilketarako zerga berriaren aldeko iritzia eman duela. Tributu horrek udal-finantziazioa indartzen du, turismoak herri eta hirietako zerbitzu publikoetan duen eragina berdintzeko. Esther Apraizek nabarmendu du garrantzitsua dela Euskadi osoan koordinatutako tributu bat izatea eta zerga-ekitatean oinarritutako ikuspegi progresiboa edukitzea. Gainera, udal bakoitzak bere errealitatera egokitu ahal izango du, hobari eta errekarguen bidez. Elkarteburuak iragarri du EUDELek ordenantza fiskalen eredu komun bat landuko duela aldundiekin batera, udalen zeregina errazteko. Izan ere, tributu hori Batzar Nagusietan onartu, eta hurrengo sei hilabeteetan egin beharko dituzte ordenantzak.

Udalerrien ordezkariak

Euskadiko udalerrien aldetik, hiru alkatek hartzen dute parte Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan, hiru lurralde historikoak ordezkatuz:

  • Esther Apraiz Fernandez la Peña, Derioko alkatea (EUDELeko elkarteburua).
  • Nagore Alkorta Elorza, Azpeitiko alkatea (EUDELeko elkarteburuordea)
  • Natividad López de Munain Alzola, Burguko alkatea (EUDELen Batzorde Eragileko kidea)