Eudel

Hezkuntza eskubidea bermatzeko Programa: Eskolagabetzea eta eskola-absentismoa ezabatzea Bizkaiko lurraldean” delakoan aurreikusitako jarraipen batzordearen 2012-2013 ikasturteari buruzko txostena.

**Ikasturte honetan Portugaleteko Udalak ere parte hartu du absentismoaren jarraipena eta kontrola egiteko lanetan.

Jarraipen Batzordeak iragan bederatzi ikasturteetan zehar txostenak egin zituen Programa horretan parte hartzen duten hiru Erakundeen jokabideari buruz; hona hemen erakundeok: Hezkuntza Saila (Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza), Bizkaiko Foru Aldundia (Gizarte Ekintza Saila) eta EUDEL (Euskadiko Udalen Elkartea). Txosten horien bitartez jakin ahal izan da absentismoaren eta eskolagabetzearen dimentsioa Bizkaiko Lurraldeko Oinarrizko Hezkuntzako ikasleei (Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza) dagokienez, baita Haur Hezkuntzako etapako bigarren zikloari (3-6 urte) dagokionez ere. Bestalde, parte hartzen duten pertsonen iritzia ere jaso da, faktore hori gakoa baita hobetzeko proposamenik egokienak ezartzeko xedez.

Jarraian aurkezten den txostenak –hamargarren urteari dagokio (2012-13 ikasturtea) Programa ezarri zenez geroztik– berriro ere jakinarazi nahi du absentismoaren eta eskolagabetzearen dimentsioa ez ezik bere bilakaera ere bai. Izan ere, aurreko ikasturteetan jasotako datuek erreferentzia gisa balio dute konparaketak ezarri ahal izateko.

Programaren helburuak:

  • Derrigorrezko eskolatze aldian dauden adingabeen hezkuntza eskubidea bermatzea, eskolagabetzea eta eskola absentismoa saihestuz.
  • Gizarte esparru behartsuetatik datozen familien jokabidea sustatzea hiru eta sei urte bitarteko adingabeak eskolatzeko.
  • Familia horien eskariak lehenestea hiru urtetik beherako seme-alabak Haur Eskoletan sartzea xede dutenean.
  • Gai horren larritasunari buruz sentsibilizatzea parte hartzen duten profesionalak, gizartea oro har eta zeregin horretan zuzenean diharduten pertsonak bereziki.
  • Zerikusia duten erakundeek (Enplegu eta Gizarte Gaietarako Saila; Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila; Udalak; Foru Aldundia eta Fiskaltza) koordinaturik lan egitea prebentzioan eta eskolagabetzearen eta eskola absentismoaren aurkako esku-hartzean.
  • Eskolagabetzearen eta eskola absentismoaren egoera nahiz abian jartzen diren esku-hartzeak ebaluatzea.