Bizkaiko Foru Aldundiak, ELGAren eskutik eta EUDEL–Euskadiko Udalen Elkartearen laguntzarekin, jardunaldi bat antolatu du gaur goizean Euskalduna Jauregian, Gobernu Irekia kudeaketa publikoa hobetzeko bultzagarri gisa erabiltzeari buruz.
Jardunaldiaren xedea izan da gaiaren inguruko hausnarketak partekatzea, udaletako eta Bizkaiko Foru Aldundiko arduradun politiko eta teknikoekin, baita foru sektore publikoko erakundeekin ere, eta, aldi berean, gobernu irekiaren alorrean egindako berrikuntzek dituzten indarguneak aztertzea, hainbat gobernuk bizitako esperientziak partekatuta. Hain zuzen, honako pertsona hauek hartu dute parte jardunaldian: Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak, Ibone Bengoetxeak; Leioako alkate eta EUDELen ordezkariak, Mari Carmen Urbietak; eta, hizlari nagusitzat, Alessandro Bellantonik, ELGAko Gobernu Irekiko programaren buruak; Katju Holkerik, Finlandiako Finantzen Ministerioko Gobernu Irekiko Sailaren Finantzen kontseilariak, eta Juan Martín Vilak, Buenos Airesko (Argentina) Gobernuaren Kalitate Instituzionalaren zuzendari nagusiak.
EUDELen ordezkari Mª Carmen Urbietak balioetsi egin du Euskadiko udalek bultzatutako konpromisoa eta lana, gobernantza onaren eta gobernu irekiaren alde.
Leioako alkateak, EUDELek Gobernantzaren alorrean egindako lanaren erakusgarri, ELoGE Bikaintasunaren Europako Zigiluaren proiektua eta tokiko gobernantza onaren 12 printzipioak nabarmendu ditu. Zigilua erreferentzia gorena da Europako udalentzat, eta EUDEL eta Europako Kontseilua dira horren sustatzaileak, Euskadiko udalen talde aitzindari baten bitartez, hiru lurraldeetako foru aldundien lankidetzarekin. Zigiluaren lehen edizioan, 2017an, Euskadiko bost udalek (Leioa, Basauri, Irun, Ermua eta Urnieta) jaso zuten Europako Batzordearen bereizgarri gorena. 2018ko edizioan, Euskadiko beste lau udal (Legazpi, Bermeo, Zamudio eta Amurrio) dira 2018ko ELoGE Zigilua jasotzeko hautagaiak; erabakia abenduaren 19an jakinaraziko dute, EUDELek Bilbon duen egoitzan izango den sari-banaketaren ekitaldi ofizialean.
