Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Legea onartu dela-eta, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak prestakuntza-plan bat elkarrekin garatuko dute, lege-testu berri horren helburuak eta abantailak jakinarazteko eta lege-testu horren aplikazioaren inguruko zalantzak argitzeko. Helburu horrekin, aurreikusi da udal-kargu publikoentzako aurkezpen-saio bat egitea eta etxebizitza eta hirigintzaren arloko teknikarientzako lan-jardunaldi bat egitea lurralde bakoitzean.
Arduradun politikoak aurkezteko saioa urtarrilaren 14an izango da, 10:00etatik 12:30era, Lakua-Eusko Jaurlaritzako auditorioan (Gasteiz).
Izena emateko esteka: https://www.eudel.eus/destacados/inscripcion/eu/etxebizitza-legea/
Topaketa Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak eta Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak zuzenduko dute, eta beraiekin izango dira analisi-lana egin duen eta lege-testua prestatzeko lanak egin dituen taldeko kideak. Lan-saio horretan, Legearen eduki nagusiak azaltzeaz gain, onartutako neurrien zentzu estrategikoan eta abian jartzearekin lortu nahi diren helburuetan sakonduko da. Era berean, araudi berria hedatu eta aplikatze aldera, Etxebizitza Sailak udalerrietan proiektu pilotuak garatzeko dituen planen berri emango du.
Etxebizitza eta hirigintza arloko teknikarientzako lan-jardunaldiak IVAPekin elkarlanean egingo dira, 09:30etik 13:30era, hiru lurraldeetan:
- Urtarrilaren 21ean, Gasteizen (Lakua auditorioa)
- Urtarrilaren 27an, Bilbon (Bizkaia Aretoa-EHU)
- Otsailaren 6an, Donostian (Kursaal)