Eudel

EUDELek eta Emakundek 2006an sortutako BERDINSAREA sareak helburu hauek ditu: berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka tokiko gobernuek kudeatzen dituzten programak eta zerbitzuak bultzatzea, indartzea, koordinatzea eta ebaluatzea.

ARGAZKI GALERIARA ESTEKA

Bilbo, 2020ko martxoaren 5a. Atzo arratsaldean, EUDELek Bilbon duen egoitzan, legegintzaldiko lehen batzarra egin zen, BERDINDAREA sarera atxikitako udalerrien ordezkaritza politikoarekin, EUDELek koordinatuta eta Emakunderen laguntzarekin. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hogeita hamar bat alkate eta zinegotzi izan ziren bileran. Gaur egun, hiru lurraldeetako 69 udalerrik osatzen dute sarea, eta EAEko biztanleriaren % 80ri baino gehiagori ematen dio estaldura.

Erakunde bultzatzaileen izenean, Emakunderen zuzendari Izaskun Landaidak eta EUDELeko berdintasun-ordezkari eta Amurrioko alkate Josune Irabienek eman zioten hasiera Batzarrari; biek hartu zuten parte, eta ongietorria egin zieten sarea osatzen duten udal-arduradunei.

EUDELen izenean, Josune Irabienekbalio-sare” gisa aipatu zuen Berdinsarea, “berdintasunerako tokiko politiken abangoardian egon nahi duten udalen partaidetzarako sare gisa”. Irabienek azaldu duenez, beste abantaila batzuen artean, “sareak aukera ematen digu irizpide komunak eta ekintza bateratuak adosteko, tamaina desberdina eta berdintasunaren arloan ibilbide desberdina duten udalerrien artean. Berdinsarean, gure praktika onak eta baliabideak partekatzen ditugu; eta hori oso lagungarria da tamaina txikiagoko udalerrientzat, mankomunitatetan eta/edo koadriletan bildutako horientzat”.

Bestalde, Emakunderen zuzendari Izaskun Landaidak nabarmendu zuenez, “Berdinsarea Berdintasunaren Aldeko Euskadiko Udalerrien Sarea adibide argia da erakusteko zer garrantzi duen erakundeen arteko elkarlanak, helburu baten alde lan egiten denean”. Landaidaren hitzetan, “Emakunderen eta udalen arteko elkarlana Berdinsarea baino urte batzuk lehenagokoa da; izan ere, Emakundek beti defendatu du denboran iraungo duten sareak ehuntzearen garrantzia“.

Hamar urte baino gehiagoko ibilbidea egin, eta Europan praktika ontzat hartu ondoren (Berdintasunaren Europako Gutunaren Behatokia), BERDINSAREA tamaina eta sentsibilitate desberdinetako udalen arteko lankidetza-lanaren erreferente gisa finkatu da. Haren balio erantsi nagusia da udalek eurek diseinatutako eta zuzendutako sarea dela. Batzordeen eta lantaldeen bidez egiten du lan, eta, horri esker, politikarien eta teknikarien koordinazioa indartu daiteke, tokiko berdintasun-politikak eta zeharkakotasuna udaletan sustatzeko.

2020ko lehen batzarraren helburua hurrengo urteetarako lan-plana adostea izan zen. Berehalako ekintzen artean, bereziki nabarmentzen da barne-gogoetarako eta partaidetzarako prozesu baten hasiera, udalek elkarrekin definitzeko sarearen helburu berriak eta haren jarduera-eremu estrategikoak. Hori guztia, udalen beharrei hobeto erantzuteko, erronka global berrien aurrean sarea indartzeko eta berdintasun-arloko tokiko politiken etorkizuna bideratzeko. Zehazki, gai hauek landu behar dira, besteak beste: genero-ikuspegia duten jaiak, biktimen erreparazioa eta indarkeria matxistaren prebentzioa, genero-ikuspegia tokiko politiketan eta udaletako politikarien eta teknikarien prestakuntza.

>Informazio gehiago hemen: www.eudel.eus (Berdintasuna-BERDINSAREA)