Koronabirusak eragindako larrialdiegoeraren aurrean, Eusko Jaurlaritzak GUZTION ARTEAN plana jarri du abian, beren bizilekuan, bakarrik edo bikotekidearekin bizi diren eta familiaren laguntzarik ez duten 70 urtetik gorako pertsonen, mendeko pertsonen edo veste kalteberatasun-egoera batean daudenen (administrazioek deribatuta) oinarrizko premiei erantzungo dieten elkartasun antolatuko ekimenak sustatzeko eta babesteko.
GUZTION ARTEAN plana Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren jarraibideen arabera diseinatu da, eta erantzun egokia ziurtatzeko ezinbestez jarraitu beharreko hainbat irizpide biltzen ditu. GUZTION ARTEAN planari buruzko informazioa biltzen duen dokumentu bat eta laguntza behar duten pertsonei zein borondatezko laguntza eskaini nahi dutenei bidali beharreko triptikoa erantsi ditugu.
Funtsezkoa da mugikortasuna mugatzea, eta, horregatik, zerbitzuek beharbeharrezkoak izan behar dute eta familiaren laguntzarik ez duten pertsonarik kalteberenei zuzenduta egon behar dute. Gainera, pertsona horien, boluntarioen eta, oro har, komunitatearen osasuna zaintzeko, beharrezkoa da bizileku bakoitzera boluntario bat (edo, salbuespen gisa, bi) baino ez joatea, eta beti pertsona berak izatea.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzak, EUDELen bitartez, gutuna bidali die Euskadiko udalei; gutunak helburu bikoitza du eta bi ekintza bateragarri planteatzen ditu:
- Zure laguntza eskatzea sareari buruzko informazioa (eta, zehazki, triptikoa) zabaltzeko, herritarrak beren premiak planteatzera bultzatzeko, voluntario gisa parte hartzeko aukerari eta baldintzei buruzko informazioa emateko eta, horretarako, Gurutze Gorriak Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan kudeatzen duen call centerrarekin harremanetan jartzeko (945 22 22 22).
- Udalek helburu horrekin dinamizatzen edo babesten dituzten esku-hartzeak GUZTION ARTEANen irizpide guztiekin (Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren jarraibideen arabera ezarritakoak) eta boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 legearekin (eta, bereziki, 1.2 artikuluarekin, irabazi-asmorik gabeko erakunde baten bitartez bideratzeari dagokionez) bat datozela ziurtatzea.
Baldintzak
Boluntario izateko, beharrezkoa da patologia kronikorik ez izatea eta jarduera hasi aurreko 14 egunetan sintomarik agertu ez izana, ezta bizileku batera joan aurretik ere. Gainera, beharrezkoa da 18-64 urte izatea eta datorren hilabetean, astean bi edo hiru egunetan, gutxienez bi ordutan laguntzeko prest egotea. Gurutze Gorriak, 945-222.222 telefono-zenbakiaren bitartez, laguntza-eskaerak eta boluntario gisa lagundu nahi duten pertsonen datuak jasotzen ditu, haien parte-hartzea bideratzen du eta parte hartzeko baldintzei buruzko informazio xehatuagoa ematen du. Cáritasek antzeko funtzioak betetzen ditu, eta, lagundu nahi diotenek, 688662773 telefono-zenbakira deitu dezakete zuzenean.
Sareak erakundeen, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko Sareen Sarearen, Gipuzkoako Gizalde, Arabako Sartu eta Bizkaiko Bolunta boluntariotza-agentzien, Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren eta Boluntariotzaren Euskal Kontseiluaren laguntza ere jasotzen du.
Plan berria, nolanahi ere, Osasun Sailaren jarraibideen arabera garatuko da beti.
BetiON
Bestalde, gogorarazi beharra dago betiON Telelaguntza Zerbitzuak, osasun-krisia hasi zenetik, areagotu egin duela erabiltzaileei (eta, bereziki, kalteberatasunik handiena jasaten dutenei) eskainitako arreta. Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatutako telelaguntza-programak 54.330 erabiltzaile ditu. Guztien % 77 emakumeak dira, % 23 gizonak, eta batez besteko profila bakarrik bizi den adineko emakume batena da. Kalkulatutakoaren arabera, 2.000 erabiltzaile inguru kalteberatasun handiko egoeran daude.
Egunero, betiON zerbitzuko langileek mila dei inguru jasotzen dituzte, eta, gainera, ia 3.000 dei egiten diete erabiltzaileei edo harremanetarako pertsonei, haien egoera pertsonala zein den jakiteko.