Eudel

Gainera, Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak erabaki du udalek urtarrilean jasoko dituztela 2019ko likidaziotik banatu gabe gelditu ziren 26 milioi euroak, eta 2022an eta 2023an itzuli ahal izango dituztela ( % 50 urtero) aurtengo likidazio negatiboko 59 milioi euro inguru.

Gaur arratsaldean Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak Udalkutxaren 2020ko eta 2021eko itxierako zuzkidura-aurreikuspenak onetsi ditu. Udalkutxa udalen finantzaketarako foru funtsa da. Horren bitartez Bizkaiko udalek itundutako zergetan duten partaidetzari dagokion dirua jasotzen dute.

Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluan Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Lurralde Historikoko udalen ordezkariak aritzen dira. Gaurko bileran erabaki hauek hartu ditu:

Udalkutxaren aurreikuspena 2020rako: 753 milioi euro.

Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluaren aurreikuspenaren arabera Udalkutxaren zuzkidura 2020ko ekitaldiaren itxieran 753 milioi eurokoa izango da.

Hori udalek aurtengo ekitaldian benetan jasoko dutena baino % 7,3 gutxiago da, guztira 812 milioi euro jasoko dituzte eta.

Gainera, duela urtebete aurreikusi zena baino % 16,5 gutxiago da, orduko aurreikuspena izan baitzen Udalkutxaren zuzkidura 2020ko ekitaldirako 901,8 milioi eurokoa izango zela .

Udalkutxaren aurreikuspena 2021erako: 829,4 milioi euro.

Diru-bilketan aurreikusi den gehikuntza kontuan hartuta, 2021ean Udalkutxaren zuzkidura 829,4 milioi eurokoa izango da, hau da, 2020ko ekitaldiaren itxierarako aurreikusi dena baino % 10,14 gehiago.

Udalkutxaren 2019ko likidazioa

Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak erabaki du 2021eko urtarrilean banatzea Udalkutxaren 2019ko likidaziotik banatu gabe egon diren 26 milioi euroak. Kopuru horren banaketa geroratu egin zen, finantza-zuhurtziak bultzatuta, diru-bilketan gertatu den jaitsierak asko urritu baitu Udalkutxaren zuzkidura.

Udalkutxaren 2020ko likidazioa

2021eko otsailean Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak 2020ko ekitaldiko likidazioa egingo du, eta Udalkutxaren zuzkiduraren eta udalei benetan ordaindutako kopuruaren arteko diferentzia zehaztuko du. Azken aurreikuspenak oinarritzat hartuta (Udalkutxaren zuzkidura 753 milioi euro eta udalei 812 milioi ordainduta), udalek 59 milioi euro itzuli beharko dituzte.

Udalen finantza-egoera indartu nahian, Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak erabaki du kopuru horren itzulketa 2022 eta 2023 ekitaldietara atzeratzeko aukera, urtero % 50ean.

Finantzen Lurralde Kontseiluari buruz

Finantzen Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalerrien eta Foru Aldundiaren arteko koordinaziorako eta parte-hartzerako organoa da. Hain zuzen ere, udal-finantzaketa modu egokian banatzen dela bermatzen du, bai eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia- eta finantza-jarduera eta aurrekontu-jarduera zaindu ere. Hamar kide dira: bost Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariak dira eta beste bostak EUDELen bidez, Bizkaiko udalen ordezkaritzan ari dira:  Elixabete Uribarri Plentziako alkatea, Ane Legarretaetxebarria Fruizko alkatea, Marta Ajuria Bilboko zinegotzia, Mikel Torres Portugaleteko alkatea eta Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkatea.