Eudel

Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseilua (CMRE) toki eta eskualde mailako administrazioen elkarterik antzinakoena eta handiena da Europan. 41 herrialdetako toki eta eskualde mailako agintarien elkarte nazionalak biltzen dituen erakunde bakarra da, eta, horien bitartez, lurralde-maila guztiak ordezkatzen ditu: tokikoa, bitartekoa eta eskualdekoa.

1951n sortu zenetik, CMREk Europa batuagoa, baketsuagoa eta demokratikoagoa eraiki nahi du, tokiko autogobernuan oinarrituta eta subsidiariotasun printzipioa zein herritarren partaidetza errespetatuta.

    “Europako Parlamentuko kideak herritarrek aukeratzen dituzte zuzenean, eta instituzio hori da, hain zuzen ere, Europar Batasunean hala jokatzen duen bakarra. Europako Parlamentuak onartzen dituen zuzentarauen %70 inguru toki eta eskualde mailan aplikatzen dira, eta herritarrentzat funtsezkoak diren esfera politiko eta zerbitzu ugaritan izaten dute eragina. Beraz, 2014ko hauteskundeak aukera aparta dira Europaren etorkizunari buruzko eztabaida publikoa sustatzeko gobernu-esferen eta herritarren artean.”

Annemarie Jorritsma Almereko alkatea, CMREko presidentea

CMREren kide diren 57 sekzio eta elkartetako ordezkari hautetsiek aho batez onartu zuten manifestu hau Pragan, 2013ko abenduaren 3an.

9 mezu Europa biziberritzeko

  • Gazteen enpleguari lehentasuna ematen jarraitzea. Manifestuko 1. puntua, 11. orrialdea.
  • Egiturazko funtsen betearazpena zaintzea, lurraldearen kohesioa hobetzeko, batez ere elkartze-printzipioa eta Jarrera Kodea aplikatuz. Manifestuko 2. puntua, 13. orrialdea.
  • Araudi arin eta sinpleagoari lehentasuna ematea. Sarrera, 9. orrialdea.
  • Subsidiariotasun eta proportzionaltasun printzipioak errespetatzea. Manifestuko 3. puntua, 14. orrialdea.
  • 2030. urtea baino lehen, energia berriztagarriak eta eraginkortasun energetikoa garatzeko eta berotegi-efektuko gasen isurketak murrizteko helburu handinahiak finkatzea. Manifestuko 4. puntua, 16. orrialdea.
  • Europa Programaren aurrekontua herritarrekin handitzea, Europar Batasuneko herritarren jabekuntza sustatzeko asmoz. Manifestuko 5, 6 eta 7. puntuak; 18, 20 eta 21. orrialdeak.
  • Europar Batasunaren zilegitasun demokratikoa eta integrazio handiagoa defendatzea, eta Europar Batasuneko Oinarrizko Legea idazteko hitzarmena proposatzea. Manifestuko 8. puntua, 22. orrialdea.
  • Europar Batasunaren zabalkundea babestea eta negoziazio-prozesuan toki eta eskualde mailako agintari guztien inplikazio handiagoa sustatzea. Manifestuko 9. puntua, 23. orrialdea.
  • Ikuspuntu integratu eta globalak ahalbidetzea. Manifestuko 10. puntua, 24. orrialdea.